Zientzia eta Teknologia Parkearen 35. urteurrenaren erakusketa Zamudiora heldu da

Aikor aldizkaria 2021ko urr. 15a, 14:02

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak 35 urte bete ditu eta urteurrenaren harira antolatu da “Ezagutu non sortzen den gure etorkizuna” argazki-erakusketa ibiltaria. Erakusketa Derion, Abanto-Zierbenan, Leioan eta Bilbon egon ondoren, gaur iritsi da azken erakuslehiora, Zamudiora, Parkeko Barco eraikinean. Egitasmoaren helburua da herritarrei erakustea Parkeak Euskadiko ongizateari, oparotasunari eta jarduera ekonomikoari egin dion ekarpena.

Burdinazko, altzairuzko eta hormigoizko 10 monolitok osatzen dute erakusketa eta haietan Parkearen 20 argazki ipini dira ikusgai. Dagokion azalpenaz gainera, argazki bakoitzak QR kode bat du eta hori eskaneatuta parkearen hainbat gertaera ezagutzeko aukera dago. Argazkiak Pedro Luis Ajuriagerra argazkilariak egindakoak dira. Inaugurazioan Igotz Lopez Zamudioko alkateak eta Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendariak hartu zuten hitza. Joseba Urbieta kudeatzailea ere bertan egon da. “Parkeak eraldaketa handia ekarri zion Zamudiori, baita gure ekonomikari –Euskal Herrikoari eta Bizkaikoari– ere: enplegua, garapena...”, esan du Lopezek.  

Bizkaikoa Estatuko lehenengo parke teknologikoa izan zela azpimarratu dute hizlariek. Gaur egun 270 enpresa baino gehiago daude Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean. Enpresa horiek orotara 3.300 milioi euro baino gehiago fakturatzen dute, eta 300 milioi euro baino gehiago ipintzen dute I+Gn; parkean 11.000 langile inguru daude. Gainera, Epalza gogoratu duenez, Faes Bizkaiko enpresa farmazeutikoak instalazio berria eraikiko du Parkean eta horrek 150 miloi euroko inbertsioa ekarriko du, eta 200 lanpostu berri.

 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).