Gazte Elai taldeko txistulariek, Bertokoko trikitilariek eta zanpantzarrek lagunduta, dantzariak kalejiran irten ziren eskolaraino eta bertan dantzen agerraldia egin zuten lehengo eta gaur egungo dantzariek. Herri-bazkarian 530 lagun batu ziren eta haren ostean Tio Teronen Semeak taldearen ikuskizunaz gozatu zuten. Eguna biribiltzeko, erromeria egon zen Luhartz taldearen eskutik.
“Ederra, hunkigarria, negarra, poza, jende pilo bat…”. Hiru Bat dantza-taldekoek hitz horiek erabili dituzte 50. urteurrenari lotutako ospakizun-egunean bizi izandakoa adierazteko. Izan ere, eguraldia ez ezik zamudioztarrak eta Txorierriko beste herri batzuetako lagunak ere izan zituzten lagun egun horretan. “Bazkarian batutakoez gainera, herritar gehiago hurbildu ziren egunean zehar antolatutako ekitaldietara, eta, egia esan, dena uste baino askoz hobeto atera zen. Poz-pozik gaude”. Era berean, dantzariek azpimarratu dute ospakizun-eguna baino aurreko egunetan herritarrek erakutsitako atxikimendua. “Balkoiak apaindu dituzte, dotore-dotore, tabernak, dendak… Hori ere oso polita eta hunkigarria izan da. Itzela”. Bestalde, Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko ordezkariak ere hurbildu ziren Zamudiora eta presidenteak oroigarri bat eman zien urteurrena ospatzeko. Hainbeste esker on, maitasun eta babes sentituta, dantzari zamudioztarrei beste 50 urte gehiago betetzeko gogoa piztu zaie, ziur asko. Zorionak!