Otsailean eskola-krosa izango da Zamudion

a: Beste Bira 2021ko aza. 12a, 07:58

Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako eskola-krosetako bat Zamudion egingo da otsailaren 13an. Beste Bira Loiu atletismo taldeak antolatuta, herri-lasterketa eta ume txikientzako lasterketa ere egongo dira. “Guztiok atletismoaz gozatzeko eguna izatea nahi dugu”, adierazi dute.

Zamudioko Udalak krosa egiteko lekua utzi du, Bidekoetxe parkea, eta eremua mugatuko du. Beste Bira, bestalde, lanean dabil xehetasun guztiak antolatzeko. “Txikiei emateko oparitxoren bat topatu behar dugu, opariak eta garaikurrak handientzat… Lan handia egin beharko da, baina merezi izango du. Familia gara eta ziur gaude laguntza izango dugula”.

Zirkuitua neurtu dute dagoeneko. “Buelta bi egin ditzakegu, bi kilometro orotara”. Zamudiokoa izango da Bizkaiko sei eskola-krosetako azkena, eta bertan kategoria hauetan dabiltzan umeek hartuko dute parte: benjaminak, kimuak, umeak eta kadeteak. Gainera, puntuagarria eta erabakigarria izango da Euskadiko umeen txapelketarako. “Probaren egunera arte ez dugu jakingo zenbat atleta etorriko diren, baina Sestaon, adibidez, 600 korrikalari inguru ibili ziren”. Festa biribiltzeko, txikientzako proba ere egongo da (2014. urtetik aurrera jaiotakoentzat), eta herri-lasterketa. “Gustatuko litzaiguke lasterketak herriko ostalaritzan eta merkataritzan ere eragina izatea”.

Laster, Beste Bira atletismo taldeak Facebooken eta Instagramen azalduko du herri-lasterketan nola eman izena.