Xabalina- eta maratoi-masterrak

b eta a: Beste Bira 2022ko urt. 21a, 09:15

Beste Bira taldeko atletek aukera izan dute xabalina- eta maratoi-modalitateetan erreferentzia diren bi kirolari ezagutzeko: Odei Jainaga eta Hamid Ben Daoud. Horiek Zamudioko pistara hurbildu dira eta beren eskarmentua eta ezagutza partekatu zituzten Beste Birakoekin. Gainera, atleta gazteek entrenamendu ahaztezin bi egin dituzte xabalinaren eta maratoiaren Espainiako txapeldunekin.

Valentziatik etorri berria eta Espainiako errekorra (2:06:35) berdinduta, Hamid Ben Daoud lehena izan zen eskola bisitatzen. Maratoilariak kontatu zuen bere hastapenak atletismoan nolakoak izan ziren, mugak gainditzea eskatzen duen kirola dela eta bere balioak bizitzan ezarri daitezkeela. Atleta txikiek bere ahotik ikasi dute probarik zailena dela, 42 kilometro baino gehiago dituela eta gogor lan egin behar dela helburuak lortzeko.

Handik egun batzuetara, eta Lezamako egoitzan dagoela aprobetxatuta, Odei Jainaga gonbidatu zuten eskolara. Xabalina-jaurtitzailea Estatuko errekorduna da gaur egun eta olinpikoa izan zen Tokion. Bere burua aurkeztu zien Beste Birako atletei, eta xabalinari buruzko nozio batzuk eman. Gainera, atleta gipuzkoarrak azaldu zuen oso garrantzitsua dela gorputza ez behartzea lesioak ekiditeko, eta Tokion egindakoaz mintzatu zen. Era berean, Parisa ailegatzeko gogo bizia duela esan zuen. Monitore ere ibili zen eta eskola-saio bikaina eman zien atleta txikiei, zeinak poz-pozik eta Jainaga beste egun batean bueltatzeko gogotsu azaldu baitziren.

Beste Bira elkarteko ordezkariek jakinarazi dutenez, entrenamendu-saioetan ibilbide handiko kirolariek parte hartzea ezinbestekoa da txikien prestakuntzarako. “Haiek inork baino gehiago kontatu ahal digute kirol hau nola disfrutatu”.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).