Lurrari deika

Aikor aldizkaria 2022ko ots. 4a, 15:35

Ohikoa denez, gaur, otsailak 4, Santa Agateren koplak abesten dabiltza Txorierriko elkarteak eta kintoak, baserriz baserri, kalez kale. Antzinako usadioa da eta kristautasun aurreko euskal mitologia eta Santa Agateren historia uztartzen ditu. Alde batetik, makilak lurrean jo eta Lurrari deitzen zaio neguko solstizioaren ondoren esnatzeko, eta bestetik, Santa Agateren omenez abesten da. Bideoan Zamudioko kintoak azaltzen dira koplak kantatzen.      

Kontatzen denez, Siziliako emakumea zen Agate eta ez zuen Quiciano gobernadorearekin ezkontzea onartu; horregatik, gobernadoreak agindu zuen emakumea torturatzeko eta titiak mozteko. Eliza katolikoak martiritzat hartu zuen, eta emakumeen eta emankortasunaren babeslea da.