Igotz López Zamudioko alkatearen esanetan, urteak daramatzate ilusio handiz frontoia eraberritzeko lan egiten eta pilotalekuaren erabiltzaileek ere ekarpena egin dute. “Kirol-ekipamendu osoa eta egokia eskaini nahi dugu, Arbolantxa Zamudioko Esku Pilota Taldeko umeek pilotari moduan aurrera egin dezaten eta euren familiek eta Zamudioko zaleek kirolaz harmaila zabal eta berrituetan goza dezaten. Gainera, aurreikusitako hobekuntzei esker, herritarrentzat interesgarriak diren beste kirol-, gizarte- eta kultura-jarduera batzuk ere egin ahalko ditugu frontoian”.
Aurreikuspenaren arabera, frontoia eraberritzeko lanek zortzi hilabete iraungo dute eta hiru fasetan egingo dira. Lehenengo fasean egitura zaharberrituko da; bigarren fasean kanpoaldea, fatxada eta estalkia atonduko dira; eta hirugarrenean irisgarritasunari lotutako lanak gauzatuko dira oinezkoentzat zein ibilgailu mugikorretarako.
Zamudioko Udalak obren lizitazio-prozesua ireki du, eta, hasieran aipatu moduan, Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagunduko du egitasmoa. Dirulaguntza Bizkaiko 50 udalerritako kirol-instalazioak hobetzeko programaren harira emango da. Aldundiak 10 millioi euro bideratuko du programa horretara.