Herbarioa

Erromeroa

t: Txiribita 2022ko ots. 16a, 09:20

Rosmarinus officinalis. Formagatik eta usainagatik, oso erraza da landare hau identifikatzea. Mediterraneokoa den arren, oso ondo egokitzen da gure lurrera, leku egokian landatuz gero. Hostoak eta landareak biltzen dira. Helburu sendagarrietarako erabili nahi baditugu, loraketaren ondoren batu behar ditugu hostoak eta kimu samurrak.

Sukaldean

Erromeroaren hostoak espezietzat erabili daitezke okela, arraina, saltsak eta gozagarriak ontzeko. Ozpina, olioa eta ardoa egiteko ere erabil daiteke erromeroa.

Ezaugarri sendagarriak eta kosmetikoak

Erromeroa ona da memoriarako eta lagungarria da eztula eta arnasketa-gaixotasunak arintzeko. Kolikoak ere arintzen ditu, eta heste-haizeak ere.

Errezetak:

-Infusioa: katilukada bat ur ipiniko dugu berotzen eta irakiten hasten denean sua amatatu eta koilarakada txiki bat erromero-hostoak eta -loreak gehituko ditugu. Jalkitzen utziko dugu 10 minutuan. Errezeta baliagarria da hurrengo gaitz hauetarako: digestio-arazoak eta arnasketa-arazoak (eztula arintzen du, asma, gripea eta arnas alergiak), giharretako mina eta neuralgiak. Era berean, organismoa eta odol-zirkulazioa bizkortzen ditu.

-Odol-zirkulazioa hobetzeko bainua: oso erromero-infusio kontzentratua prestatuko dugu. Azpil batean nahasiko ditugu infusioa, ur beroa eta gatza. Oinak eta hankak sartuko ditugu, eta minutu batzuetan atsedena hartu.

Produktu kosmetikoak egiteko erabiltzen da, larruazala gazteago egiten duelako; odol-zirkulazioa hobetzen du eta ekzemak arintzen ditu.

Errezetak:

-Erromero-alkohola: 90 graduko alkohol litro batean 250 g erromero-hosto fresko beratuko ditugu bederatzi egunean. Alkohola iragazi eta gorde egingo dugu. Minduta dugun gorputz-ataletan igurtziak egiteko erabili dezakegu (erreuma, zaintiratuak, odol-zirkulazioa hobetzeko…).

-Erromero-lozioa: alkohola erabilita larruazalerako lozio antiseptikoa egin dezakegu, baita ilea ez erortzeko lozioa ere. Horretarako, nahasiko ditugu 200 ml erromero-alkohola, koilarakada bat glizerina begetala eta 150 ml ur destilatua.

-Erromero-infusio kontzentratua irakuzketa moduan erabiltzen da (azken urberritzea), ilea haztea estimulatzeko.

Ortuan

Bizitza luzeko zuhaixka da eta bi metrora arte hazi daiteke. Erreza da erromeroa landatzea, aldaxkak, erroak edo haziak erabilita. Hondar-lurra gustatzen zaio, drainatze ona duena eta eguzkitsua dena. Lorontzietan ere landatu daiteke.

Lagungarria da ortuan, ohiko izurriak eta intsektu kaltegarriak uxatzen dituelako eta intsektu onuragarriak erakartzen dituelako. Bizitza luzekoa denez, leku estrategikoan landatu behar da ortuan, adibidez, bazterretan eta izkinetan.

Kontraindikazioak

Erromeroak tentsioa igotzen du; hortaz, kontuz ibili behar dugu, eta gehiegi ez hartu tentsio arteriala altu badugu. Hurrengo hauek ere ibili beharko dute kontuz: haurdun daudenek, titia ematen dabiltzanek, sei urtetik beherako umeek eta gastritisa edo behazun-gaixotasuna dutenek.

 

Belarrak eta landareak batzeko aholkuak

Orokorrean: hartu ondo ezagutzen duzuna; hartu neurriz eta soilik lekuan asko badaude; ez eraman dena, utzi beti zerbait; hartu bakarrik erabiliko duzun landarearen zatia; ez atera sustraitik, moztu ondo hazten jarrai dezaten; ez moztu loreen % 20 baino gehiago, zuhaitzak edo zuhaixkak badira; hartu bakarrik erabiliko duzuna, geroago itzuli zaitezke, edo beste leku batzuetara joan; ez jaso gune babestuetan edo parke naturaletan.

Non: larreetan eta autorik pasatzen ez den bide-ertzetan; goldatu gabeko basoetan; toxikorik erabiltzen ez den ortuetan eta lorategietan; INOIZ EZ areketan, fumigatutako landetan eta ibaiertz kutsatuetan.

Noiz: goizean, ihintza sikatu ondoren; hartu hostoak erabiliko ditugun egunean berean; hartu loreak goizean eta sustraiak arratsaldean; landareak gorde edo sikatzeko, hobe da ilbehera denean jasotzea.

Materialak: eskularruak, artaziak, paperezko oihalezko poltsa, zumezko saskiak…

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).