“Marchinlilac” kanpaina, Zamudioko udal-liburutegian

Aikor aldizkaria 2022ko mar. 3a, 09:26

Ohi moduan, “Marchinlilac” kanpaina sustatu da Zamudioko udal-liburutegian eta martxoan zehar ekintza hauek izango dira bertan: “Lilazko martia, emakume idazleak” lehiaketa, emakume idazleen gida, umeentzako ipuin-saioa, “Neska eta mutil abenturazaleak” lehiaketa, neska eta mutil abenturazaleen gida eta berdintasunaren atala.

“Lilazko martia, emakume idazleak” lehiaketari dagokionez, 40 euroko txartela zozketatuko da martxoan emakumezko idazleen liburuak edo emakumeei eta berdintasunei buruzko materiala hartzen dituzten guztien artean. Bi kategoria egongo da: gazteak (13 urtetik 17 urtera bitartekoak) eta helduak (18 urtetik gorakoak). Dirua Zamudioko Liburudendan gastatu beharko da. Lehiaketari lotuta, emakume idazleen gida egongo da liburutegiaren erabiltzaileen eskura, emakumeek idatzitako liburuak edo emakumeei eta berdintasunari buruzko materiala aukeratu ahal izateko.  

Martxoaren 12an, 11:30ean, Araitz eta tulipa umeentzako ipuin-saioa izango da Alboka taldearen eskutik. Hiru urtetik gorako umeentzako ekintza da eta Zamudion erroldatuek lehentasuna izango dute. Izena ematea liburutegian bertan egin daiteke, 944 520 204 telefono-zenbakira deituta edo udalliburutegia@zamudio.eus helbide elektronikora mezu bat idatzita.

Bestalde, “Neska eta mutil abenturazaleak” lehiaketa lau urtetik gorako umeentzako ekintza da. Lehiaketaren helburua da ipuinetako printzesaren estereotipoa alde batera uztea, izan ere, “mutilak bezala, neskak abenturazaleak izan daitezke, eta dragoien kontra borrokatu, eta printzeak salbatu ditzakete”. Hortaz, neska abenturazaleei buruzko liburuak hartzen direnen artean 40 euroko txartela zozketatuko da, Zamudioko Liburudendan gastatzeko. Lehiaketan parte hartu ahal izateko, umeek neska eta mutil abenturazaleen gida izango dute eskura liburutegian.

Azkenik, “Berdintasun Atala” sortu da liburutegian eta bertan emakumeei eta berdintasunari buruzko materiala topatu daiteke. Helburua da apurka-apurka atal hori handitzea. “Marchinlilac” kanpaina Zamudioko Udalak bultzatutako kanpaina da.