Hiru Bat dantza-taldeak "ELKAR+EKIN Dantzan" ekimenean parte hartuko du domekan

Aikor aldizkaria 2022ko mar. 17a, 09:07

Eibe elkarteak bultzatuta, ELKAR+EKIN gara! ekimenak elkarteen eta boluntarioen lanaren balioa azpimarratzea du helburu. Egitasmoaren baitan, ELKAR+EKIN Dantzan ekimena egingo da domekan, martxoak 20, eta bertan Euskal Herriko 10.000 dantzari inguruk hartuko dute parte; haien artean, Hiru Bat Zamudioko dantza-taldearen dantzariak izango dira.   

Dantzariek Mikel Laboaren eta Joxean Artzeren “Martxa baten lehen notak” abestiaren bertsioa dantzatuko dute. Moldaketak Olatz Salvadorrek eta Bihotx taldeak egin dituzte, eta egindako bideoklipean parte hartzen duten dantzarien artean Katalin Zarate lezamarra dago. Bestalde, Hiru Bateko dantzariek 12:00etan egingo dute dantza, eguraldi ona badago, Lehendakari Agirre plazan, eta eguraldi txarra egonez gero, frontoian. Dantzaren bideoa grabatuko dute eta ekimenaren antolatzaileei bidaliko diete.