Motozaleak Zamudion elkartuko dira bihar

Aikor aldizkaria 2022ko mai. 6a, 14:53

Bihar, maiatzaren 7an, Bilbobikers Moto taldeak eta Zamudio Racing elkarteak motozaleen elkarretaratzea antolatuko dute Zamudion lehenengo aldiz. Gidariek martxa egingo dute eta Emilio Zamora Ducati taldeko gidariak erakustaldia eskainiko du.

Ekintza nagusia Emilio Zamoraren erakustaldia izango da. Zamora Ducati stunt team taldeko kidea da eta Kolitza aparkalekuan akrobazia ikusgarriak erakutsiko ditu 17:00etatik aurrera. Dena dela, ekintzak goizean hasiko dira: 9:30etik 10:45era bitartean, izen-emateak jasoko dira; 11:00etan, motozaleek ibilbidea egingo dute Zamudioren inguruan; 14:00etan, herri-bazkaria zerbitzatuko da; eta 16:00etan zozketak egingo dira, eta bertan Bilboko hainbat moto-dendek eskainitako produktuak banatuko dira.

Antolatzaileek jardunaldian parte hartzeko gonbita egin diete Txorierriko motozaleei. Interesa dutenek 15 euro ordaindu behar izango dituzte. Izen-emateak WhatsApp aplikazioaren bidez egin daiteke, 641 834 599 telefono-zenbakian; bestela, bihar bertan, 9:30etik 10:45era ere izena emateko aukera dago. Erakustaldian eta martxan publiko modura parte hartzeko ez da ezer ordaindu behar izango.