Dantzari Eguna Zamudion egingo da domekan

Aikor aldizkaria 2022ko mai. 11a, 15:24

Maiatzaren 15a egun handia izango da Zamudion, 10:00etatik aurrera Dantzari Eguna bertako futbol zelaian ospatuko delako. Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak urte bi eman ditu jaia ospatu barik, baina aurten ilusioz eta gogotsu ekingo dio ospakizunari. Aurten 40. aldiz egingo da.

Bizkaiko Dantzarien Biltzarra, Hiru Bat Dantza Taldea eta Zamudioko Udalak antolatuko dute Dantzari Eguna. Guztira 64 talde eta 3.500 talde arituko dira Gazituaga futbol zelaian, eta horien artean, Hirubat, Lainomendi, Gorantzaileak eta Goi-alde txorierritarrak. “Ilusionatuta gaude. Hiru urte itxaron behar izan dugu Dantzari Eguna berriro ospatzeko; txantxetan esan dugu Dantzari Egunik luzeena izan dela. Lan ikaragarria egin dugu eta eskerrak eman nahi dizkiogu Zamudioko taldeari, Hirubat taldeari, eta antolatze-lanetan ibili diren hainbat laguni”, esan du Jose Mari Oyarzabal Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren presidenteak.

Aurkezpena gaur egin da Bilbon eta han zenbait erakunderen ordezkariak izan dira: Bizkaiko Foru Aldundia, Kutxabank eta Igotz Lopez Zamudioko alkatea. "Jai eguna da eta espero dugu bizkaitar asko gurera hurbiltzea: erdu dantza egitera Zamudiora!", adierazi du alkateak. Taldeak Bidekoetxe parkean batuko dira 10:00etan eta ostean, kalejira egingo dute herritik. Ekitaldi nagusia 11:30ean izango da eta arrastian, erromeria eskainiko du Luhartz taldeak.

 

 

Egitaraua:

10:00 Taldeak batzea, Bidekoetxe parkean.

10:30 Kalejira, Txinbo kaletik.

11:30 Ekintza Nagusia, Gazituaga futbol zelaian:

Dantzari dantza

Gipuzkoako dantzak

Dantzari ertainak / txikiak

Ibarzabal-Arku dantza

Eltziegoko dantzak

Gorulariak

Dantzari ertainak / txikiak

Kaixarranka

Larrain dantza

16:30 Erromeria, Luhartz taldearen eskutik. Agirre lehendakaria plazan,

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).