Txorierriko baso-azalera leheneratzeko proiektua

a: Juanan Diez 2022ko eka. 1a, 08:53

Juanan Diez Zizegorri Zamudioko mikologia elkartearen presidenteak azaldu duenez, Sare Berdeak egitasmoaren arduradunekin ipini dira harremanetan, Kolore Guztietako Basoak ekimenaren proposamena Txorierrin ezartzeko. Proposamen horrek Bizkaiko baso-kudeaketa hobetzea du helburu.

Kolore Guztietako Basoak egitasmoaren proposamenak hiru ardatz nagusi ditu: alde batetik, Bizkaian jatorrizko basoaren azalera handitzea, % 24,39tik % 41,10era; bestetik, bertako bideodibertsitatea bermatzea, kontserbaziora bideratutako azalera handituz; eta azkenik, hurrengo eginkizun hauek betetzen dituen basoa lortzea: kontserbazioa, aisialdia eta ekoizpena. 

“Gurean ez dago basorik, eukalipto- eta pinu plantazioak baizik”, esan du Diezek. “Ez dago dibertsitaterik, ez animaliarik… Are gehiago, guk Araba edo Nafarroa aldera joan behar dugu perretxikotan”. Kolore Guztietako Basoak ekimenaren proposamena Txorierrira zabaldu nahi du Zizegorrik, helburu hauek dituela: bertako basoen azalera leheneratzea eta handitzea, ekoizpen-dibertsifikazioa eta naturatik hurbil dagoen basogintza sustatzea eta baso-laguntzak birbideratzea, jabe pribatuei babesa emateko. “Bertako espezieak bultzatu behar dira. Bestalde, Derioko Aiartzako basoa berreskuratzea proposatzen dugu. Hori Txorierriko harizti bakarra da eta suntsitu dute bertan urbanizazio bat eta bere golf-zelaia eraikitzeko lanen ondorioz. Andres Bañosek 20 urte daramatza baso hori berreskuratzen saiatzen, baina ezin…”.