Zamudio museo bihurtuko da Lagatzu Egunean

Aikor aldizkaria 2022ko eka. 10a, 16:11

Lagatzu Zamudioko euskara elkarteak Lagatzu Eguna ospatuko du ekainaren 25ean. Pandemia zela-eta, aurreko urte biotan era ezberdin batean egin da, baina aurten normaltasunera itzuli da. Betiko moduan, herriko taldeek gogotsu hartuko dute parte ospakizunetan. Nobedaderik handiena bazkaria izango da: ez da betiko moduan Kultur Etxean egingo, Agirre Lehendakari plazan baizik.

Lagatzukoek “Benetako artea, euskara erabiltea” hartuko dute aurten lelotzat. “Talde kulturala ere bagara eta arte ederrei omenaldi txiki bat egin nahi izan diegu. Batzuetan euskal pinturak eta eskulturak ez dira oso ezagunak, batez ere garaikideak, agian ulertzen ez ditugulako. Beraz, 12:00etatik aurrera herriko taldeek artista euskaldun batzuen lanak antzeztuko dituzte (Dora Salazar, Remigio Mendiburu, Nestor Basterretxea…) Agirre Lehendakari plazan eta, bitartean, Iker Landetak artelan bakoitzaren ezaugarrien berri emango du; bukatzeko, Rafael Ruiz Balerdiren Lorategi handia egingo dugu”, esan digu Iñaki Atxutegi Lagatzu elkartearen kideak. Ekitaldian, Zamudioko Kamara Koralak ere hartuko du parte.   

Arte-lanak antzeztu ostean, taldeek kalejira egingo dute Zamudiotik, Kantarelux eta Bertoko taldeek girotuta. 15:00etan, bazkaltzeko ordua izango da. Betiko moduan, herri bazkaria antolatu da, baina ez ohiko lekuan, Agirre Lehendakari plazan, baizik. Nagusiek 20 euro ordaindu behar izango dute han bazkaltzeko; eta umeek, 15. Txartelak ekainaren 21era arte erosteko aukera egongo da herriko dendetan eta tabernetan. Bazkalostean Taberna Ibiltaria taldeak kontzertua eskainiko du eta ostean, Trikizio taldeak erromeria egingo du.

Egunik garrantzitsuena zapatua da, ekainaren 25a, baina aurreko urteetan moduan, Lagatzu Eguna aurreko egunean, barikuan, hasiko da. 20:00etan Inguruko berbak liburua aurkeztuko da Kultur Etxean. Liburuxka Lagatzu elkarteak eraman du argitara eta hiztegi ilustratua da. Aurkezpena egin eta gero, kontzertua antolatuko da Fernan tabernan.     

 

Euskal jantziak

“Urte bi eman dugu normaltasunik gabe: 2020an, Lagatzu Egun birtuala egin genuen, bakoitza bere etxean; eta iaz, euskal astea egin genuen, segurtasun-neurriak betetzen. Aurten, azkenean, normaltasun osoz ospatuko dugu Lagatzu Eguna, lehen egiten genuen moduan. Eta herriko taldeek gogotsu egingo dute bat jaiarekin”, aipatu du Atxutegik. Lagatzukoek gonbit egin diete euskaltzaleei Lagatzu Egunean parte hartzeko eta, ahal den neurrian, euskal jantziak janzteko.  

 

 

 

Ekainak 24

 

20:00 INGURUKO BERBAK

liburuaren aurkezpena

Kultura Etxean (Gimnasia gelan)

 

21:00 KONTZERTUA

Fernan taberna ondoko plazan

 

Ekainak 25

 

12:00 ARTE BIZIDUNA

Euskal artelanen irudikatze herrikoia

(Iker Landetaren azalpena + Zamudioko Kamara Korala)

 

13:30 KALEJIRA

Bertoko eta Kantareluxen eskutik

 

15:00 HERRI BAZKARIA, Agirre Plazan

20€ nagusientzat

15 € umeentzat

Txartelak herriko denda eta tabernetan salgai

Erosteko azken eguna ekainaren 21a

 

17:00 TABERNA IBILTARIA

UMEEN JOKUAK: ZURESKU

Egurrezko jolas tradizionalak

 

20:00 ERROMERIA: TRIKIZIO

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).