Emakumeen gorputzari eta sexualitateari buruzko ikastaro-sorta antolatu du Zapata Gorriak talde feministak

a: Mariana Montrazi (Pexels) 2022ko ira. 15a, 12:37

Ikastaroak irailetik abendura bitartean egingo dira. Zapata Gorriak Zamudioko talde feministak azaldu duenez, helburua da “patriarkatuak gure gorputzari eta sexualitateari buruz esaten duena albo batera uztea eta autokontzientzia lantzea. Gure sexualitatea gurea delako eta gure plazererako delako”. Ikastaroak edozein adinetako emakumeentzat dira eta Lucia Nieto Emargi elkarteko soziologoak eta ikertzaile feministak zuzenduko ditu.

Lehen ikastaroa irailaren 22an, 19:00etan, izango da Zamudiotorren eta bertan emakumeen sexualitatea izango dute hizpide. Hurrengo ikastaroa, “Zoru pelbikoak emakumeengan duen garrantzia”, urriaren 20an egingo dute; eta laugarrena, “Gure gorputzen hipersexualizazioa: pornografia eta prostituzioa, azaroaren 17an. Azken ikastaroa abenduaren 15ean izango da eta bertan ziklo menstrualaz eta menopausiaz mintzatuko dira. Ikastaroan parte hartzeko, ez da beharrezkoa izena ematea.   

“Gure gorputzari buruz hitz egiten denean, badirudi izaki asexualak garela. Gainera, gure sexualitateari buruz hitz egiten denean amatasuna aipatu ohi da, sexu-indarkeria, prostituzioa, pornografia… Objektuak legez tratatzen gaituzte azken batean: mundura umeak ekartzeko edo gizonen sexualitatea asetzeko” adierazi dute. Ikastaroen bidez erreibindikatu nahi dute emakumeen sexualitatea. “Sexualak garela esan nahi dugu, gure gorputzaren ezagutza handitu, sexuari eta gure sexualitateari buruz askatasunez hitz egin, kezkak argitu, gure sexu-harremanak hobetu eta abar”.