Sanmartinak gogo biziz ospatuko dituzte Zamudion

Aikor aldizkaria 2022ko aza. 8a, 11:57

Bi urteren ostean, betiko moduan ospatuko dituzte zamudioztarrek sanmartinak. “Gorriz markatutako hitzordua da Zamudiorentzat, eta jai-egitaraua ilusio handiz prestatu dugu, ikusmin horrek eskatzen duen mailan egoteko”, adierazi du Lander Aretxabaleta kultura zinegotziak.

Jaiak azaroaren 10etik 13ra bitartean izango dira, eta udalak eta Eguraldi Ona jai-batzordeak egitarau orekatua prestatu dute. “Edade guztietako eta gustu ezberdinetako jarduerak hartu ditugu kontuan: hori da herritarrek baloratzen dutena. Aurreko edizioetako ildo beretik ibili gara, baina beti ahalegintzen gara zer edo zer berri sartzen; esaterako, umeentzako parkea egongo da zapatu goizean”. Zalantza barik, gaueko musika-emanaldiek jende asko erakartzen dute. “Baina umeentzako jolasak eta ikuskizunak, bakarrizketak, dantzak eta adinekoentzako karta-txapelketa ere egongo dira”.  

Jai-guneari dagokionez, ospakizunak herriko hainbat lekutara zabalduko dira. “Betiko moduan, txupinazoa Sabino Arana plazan izango da. Jarduerak eskolan ere egingo dira, besteak beste, umeentzako tailerrak, gaueko musika-emanaldiak eta Hiru Bat dantza taldearen dantza-saioa. Kopaua San Martin elizan eskainiko da zapatuko meza nagusiaren ostean, eta arratsaldean Zamudioko Kamara Koralak San Martin jaietako ohiko kontzertua egingo du 35. aldiz. Adintsuen Etxean, bestalde, karta-txapelketa izango da, bakarrik zamudioztarrentzat dena”.  

Zamudioko Udalak espero du jaietan pertsona guztiak errespetatzea eta egoera edo eraso sexistarik ez gertatzea. “Hala ere, halakorik gertatuz gero, udalaren eta Zapata Gorriak elkartearen artean adostutako protokoloa dago eta behar den neurrian aktibatuko da, biktimari laguntzeko beharrezkoak diren baliabide guztiak kontuan izanda”. Aretxabaletak hurrengo mezu hau helarazi die zamudioztarrei eta bisitariei: “Jaiez, kulturaz eta tradizioaz gozatu daitezen, baina errespetuz. Eta oraindik Zamudio ezagutzen ez dutenak animatu daitezen etortzera eta ondo pasatzera”.

 

Edalontzi tapadunak banatuko dira

Zapata Gorriak Zamudioko talde feministak jakinarazi duenez, jaietan puntu morea egongo da eta han banatuko dira neskatoentzako edalontzi tapadunak, edarietara substantziak botatzen dituztela aurreikusita. “Edalontzi horietan «Kaleak, gauak geureak dira» idatzita egongo da, eta kamisetak eta belarritakoak ere kaleratuko ditugu. Bestalde, gizonentzako informazio-diptikoak banatuko ditugu”.

Bestalde, puntu morea ipintzeaz gainera, brigada feminista sortuko da sanmartinei begira. “Puntu morea Eraikiz Kolektiboak kudeatuko du eta bertan adituak egongo dira. Era berean, arreta-telefonoa egongo da, indarkeriaren kasurik badago, hara deitzeko, egoera kudeatzeko eta egin beharreko pausoak eta aholkuak jakinarazteko. Telefonoa hau da: 633 918 561”. Talde feministak esan moduan, bideoa ere egin dute herriko gazteekin, eta hura jaien aurreko astean plazaratuko dute. “Helburua da jendeak hainbat egoera ikustea, ze egunero esaldi matxistak botatzen dira konturatu barik horiek ere indarkeria direla”.

 

Jai-egitaraua

Azaroak 10, eguena. San Martin bezpera

19:00 Txupinazoa eta pregoia, Sabino Arana plazan.

Ostean, kartel lehiaketako saria banatzea, gozokiak eta kalejira.

 

Azaroak 11, barikua. San Martin

11:00 Umeentzako tailerrak, eskolan.

12:00 Meza nagusia.

12:30 Gora bihotzak ikuskizuna, eskolan.

13:30 Umeentzako herri-bazkaria, eskolan.

15:30 Zinea, eskolan.

17:00 Jolasak, eskolan.

19:00 Bakarrizketa, Agirre Lehendakaria plazan (eguraldi txarra egonez gero, eskolan).

22:30 Musika-emanaldiak, eskolan: Zirkinik Bez + Dj Kalonge. 

 

Azaroak 12, zapatua. San Martintxu

11:00 Umeentzako jolas-parkea, eskolan.

12:00 Meza nagusia eta kopaua, elizpean.

18:00 Euskal dantzak, Hiru Bat taldearen eskutik, eskolan.

19:30 San Martin XXXV. Kontzertua, Zamudioko Kamara Koralaren eskutik, San Martin elizan.

20:30 Burrunba elektrotxaranga.

22:30: Musika-emanaldiak, eskolan: Urrats + Dj Gorka Perez.

 

Azaroak 13, domeka

16:00 Karta-txapelketa, Adintsuen Etxean.

18:00 Musika-emanaldia, eskolan: Joselu Anaiak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).