Ohikoa den moduan, Zamudioko Kamara Koralak kontzertua egingo du San Martin jaietako egitarauaren baitan. Hala ere, aurtengoa kontzertu berezia izango da, Zamudioko Kamara Koralak 35 urte bete ditu eta. Iratxe Gezuraga zuzendariak azaldu duenez, emanaldiak zati bi izango ditu. “Lehenengo zatian, gure errepertorioko kanta batzuk abestuko ditugu, eta bigarrenean publikoa gurekin batera kantatzera animatzea nahi dugu. Horretarako, abestien letra banatuko dira publikoaren artean; ea jendeak parte hartzea lortzen dugun! Izan ere, helburua da gurekin batera ondo pasatu dezatela, guk ondo pasatzen dugun moduan”. Kontzertua zapatuan, azaroak 12, 19:30ean izango da San Martin elizan.