Iñigo Lazaro zamudioztarra hirugarrena gelditu da Espainiako trial txapelketan

Aikor aldizkaria 2022ko aza. 17a, 14:10

Iñigo Lazaro zamudioztarrak hirugarren postua lortu du Estatuko trial txapelketaren sailkapen orokorrean, beteranoen kategorian. Lazarok ezin izan du saiorik irabazi: erregulartasuna izan da bere ezaugarririk nabarmenena eta horri esker podiumera sartu ahal izan da. “Ilusio handia eman dit hirugarren postuak. Gazteak gogotsu dabiltza, baina eskarmentuari esker izan naiz arrakasta lortzeko gauza”, esan du Lazarok.

Azaroaren 12an txapelketaren azken saioa egin zen Gironan. Hori irabazteko zorian ibili zen zamudioztarra, baina azken txanpan akatsa egin zuen eta garaipena ihes egin zitzaion. Guztira, 6 saiok osatzen dute txapelketa: bi Coruñan egin ziren; beste bi, Leónen; eta beste bi, Gironan. “Gogorra da, asteburu osoan txapelketan eman behar duzulako. Ni ez naiz profesionala eta hurrengo egunean goiz altxatu behar dut, lanera joateko. Zorionez, familiak babesa adierazten dit eta beste batzuek ere laguntza ematen didate: Zamudio Racing Elkartea, Motos Garcia... Izapideak egin behar dira eta kirola garestia da, urtean zehar motorra zaindu behar delako eta denboraldia bukatzen denean, motorra aldatu. Baina tira, zaletasunarengatik egiten dut eta pozik nabil”.

Lazarok 54 urte beteko ditu abenduan, eta Beteranoen A kategorian sartzen da lehian, 35 urte baino nagusiagoen kategorian alegia. Beteranoen beste maila bat ere badago, B kategoria, eta horretan 45 urte baino nagusiagoek hartzen dute parte. “Nirea zailagoa da, motor-gidariak gazteagoak direlako. Gainera, profesional ohi batzuk ere baditugu: Carlos Casas, Toni Ramonet... Maila oso handia da, lehia bizia dugu, batez ere lehenengo boston artean”, esan digu zamudioztarrak.

Lazarok ez du oraindik erabaki datorren urtean zer egingo duen. “Ez dakit 2023an txapelketan parte hartuko dudan ala ez. Nekagarria da eta ni gero eta nagusiagoa naiz. Ez dakit, beti esaten dut ezetz eta azkenean, beti hartzen dut parte”.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).