Zamudiok ez du Estatuko NASAren egoitza hartuko

Aikor aldizkaria 2022ko abe. 5a, 15:45

Isabel Rodríguez Lurralde-Politika ministroak eta Espainiako Gobernuaren bozeramaileak iragarri du gaur espazio-agentzia (AEE) Sevillan jarriko dela. Agentzia 2023ko lehenengo hiruhilekoan jarriko da martxan eta horrek 60 langile eta 500 milioiko aurrekontua izango ditu. Zamudio eta beste 19 hiri egoitza hartzeko hautagaiak izan dira, baina azkenean baztertu dira. “Albiste txarra da, gure egoitza aproposa zen”, esan dio Eusko Jaurlaritzak Europa Press agentziari.

Sevilla “aho batez” hautatu dute. Rodriguezen hitzetan, aintzat hartu dituzte egoitzaren ingurunea eta penintsularen hegoaldera talentua eta inbertsioak erakartzeko gaitasuna. “Egoitza bikaina da eta baldintza guztiak betetzen ditu: eraikin berezia da eta etorkizunean handitu ahal da”, esan du Gobernuaren bozeramaileak. Espainiako Espazio-Agentziak ikerketak egiteko eta teknologia garatzeko ardura izango du eta elkarlanean ibiliko da Europako Espazio-Agentziarekin (ESA) eta Europar Batasunarekin. Agentziak eragin handia izango du ekonomian eta enpleguan. Izan ere, gaur egun espazioari lotutako industriak 50 milioi euroko fakturazioa eta 400 langile ditu Andaluzian. Agentziari esker, 2033rako, 300 milioi euro fakturako dituzte eta 1.600 langile izango ditu.

Lakuako Gobernuak adierazi du Espainiako Gobernuak bigarrenez egin duela Sevillaren alde. “Arraroa da hiria bera aukeratu izana, Industria-bilakaerarako eta Emisioetarako Berrikuntza Zentroa (INCITE) Sevillan ere jartzea erabaki zutelako. Eusko Jaurlaritzak eta sektoreak jarraituko dugu lanean euskal sektore aeroespaziala bultzatzeko”. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren esanetan, Euskadik apustu sendoa egin du espazio-ikerketaren alde. Izan ere, ITP enpresaren % 6 erosi du eta hitzarmena sinatu du Airbus enpresarekin, digitalizazioa eta jasangarritasuna lantzeko. Era berean, lehen mailako gaitasun eta azpiegitura zientifiko-teknologiko garrantzitsuak ditu, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen kasu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).