Zamudioko krosa berriro ere arrakastatsua

Aikor aldizkaria 2023ko ots. 6a, 14:21

Atzo, otsailak 5, eskola- eta herri-krosa izan ziren bigarren aldiz Zamudion, Beste Bira atletismo-klubak antolatuta. Atzo ere atletismo-proba garrantzitsu batzuk egin ziren, baina horrek ez zuen itxuragabetu Zamudioko saioa, oso arrakastatsua izan zen eta. Herri-krosean, esaterako, 100 korrikalari ibili ziren, eta ume asko batu ziren eskola-krosean. Gainera, 200 metroko lasterketa Aitor Blanco Zamudioko jaurtitzailearen omenez egin zen, orain dela gutxi zendu dena.

Omenezko lasterketa baino lehen, ekintza egin zen Blanco gogora ekartzeko. Bertan parte hartu zuten bere senideek, berarekin aritzen ziren hiru jaurtitzailek eta Igotz López Zamudioko alkateak; aurreskua ere dantzatu zen. Ondoren, oroimenezko lasterketa hasi zen eta orotara hiru lasterketa egin ziren 2015etik aurrera jaiotako umeentzat. Era berean, eskola-krosa izan zen benjamin, kimu, ume eta kadete kategorietan. Bestalde, herri-kroseko irabazleak hauek izan ziren: urrea, Laia Cariñano eta Pablo Maldonado; zilarra, Eider Muñoz eta Igor García; eta brontzea, Adriana de Prado eta Asselhi Oussama. Sariak egon ziren emakumeen eta gizonen kategorietako sei lehenentzat, eta opariak zozketatu ziren parte-hartzaileen artean.

Esan moduan, atzo ere beste atletismo saio batzuk egin ziren. Anoetako belodromoan, esaterako, Euskadiko txapelketa egin zen eta Javi Allende, Beste Birako korrikalaria, irabazlea izan zen M45 kategoriako 800 metroko lasterketan. Allendek 2:06:51 marka egin zuen eta horri esker Espainiako txapelketan hartuko du parte martxoan Antequeran. Klubeko Oskar Martinek eta Javi Aguirrek ere emaitza ezin hobea izan zuten atzo: lehena Euskadiko txapelduna izan zen M40 kategoriako 1.500 metroko lasterketan, eta bigarrena, brontzea 300 metroko txapelketan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).