Azaldu duten moduan, San Bartolome ermitako teilatua konpondu da, apurtutako teilak ordezkatu, eta, argi handiagoa sartzeko, sabai-leiho berriak ipini. Burdinazko hesi berriak ere ipini dituzte, eta fungizida bota diote egurrari, onddoak prebenitzeko. Bestalde, hobekuntza-lanak auzoetan eta industrialdeetan ere egin dira. Geldo auzoan, esaterako, errepidea asfaltatu da, eta isurkiak atondu; Aranoltza auzoan itxitura ipini da edukiontziak dauden inguruan. Era berean, irrist egitea ekiditeko alfonbra jarri da eskolaren ondoko pasabidean. Industrialdeei dagokienez, areka garbitu da Ugaldegurenen eta edukiontzi berriak ipini dira Ugaldeguren Ien. Udalak esan du laster industrialdeetako hainbat lekutan edukiontzi berriak jarriko direla.
Hobetze-lanak Adintsuen Etxean ere egin dituzte. Horrela, lokala barrualdean zein kanpoaldean margotu da, eta lixatu eta margotu dira leihoak, berdin hesiak eta teilatua. Gainera, Zamudiotik pasatzen den Kostaldeko Done Jakue Bidearen balioa azpimarratze aldera, informazio-panelak ipini dira erromesei harrera egiteko, ibilbidea azaltzeko eta inguruko ondare turistikoa eta kulturala ezagutzera emateko. Panelak elkarlanean ipini dira Eusko Jaurlaritzarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Uriben turismoa sustatzeko erakundeekin.
Azkenik, Zamudioko eta inguruko ondare historikoa eta kulturala ezagutzera emateko, informazio-panel bi jarri dira Avril mendian: bata, Gaztelukolanda trikuharriari buruz, eta bestea, Burdin Hesiaren zatia izan zen metrailadore-habiari buruz.