Zamudioko Gazte Eguna apirilaren 22an izango da

Matxinada izango da kontzertua egingo duten taldeetako bat 2023ko apirilaren 11

Inisitue Zamudioko Gazte Asanbladak apirilaren 22rako antolatu du Gazte Eguna. Azaldu dutenez, “Zamudion ez dugu gazteok elkartzeko gunerik eta kuadrilla bakoitza bere lonjan ibiltzen da; hori pandemiaz geroztik gehiago nabaritzen dugu, gainera. Horregatik, Gazte Eguna aprobetxatu nahi dugu herriko gazte guztiok elkartu, partekatu, harremanak estutu eta ondo pasatzeko; eta, aldi berean, horri bidea emango dion gunea sortzeko”.

Goizeko 12,30ean hasita, ekitaldi-sorta zabala egongo da egun osoan. Poteo musikatuaren ostean, herri bazkaria egingo dute 15:00etan. Horren ostean, 17:30ean, olinpiadak izango dira, eta Game of Txaranga elektrotxaranga herriko txokoak girotzen ibiliko da 18:30etik aurrera. Kontzertuak 22:30ean hasiko dira: Arene 6, Herdoil, Matxinada eta Zanburinak. Bestalde, 00:30ean ekitaldia egingo dute. Bazkarirako txartelak 12 euroan eskuratu daitezke gizarte-sareetan eta Fernan eta Crazy Guitar tabernetan.