Zamudioko ludoteka eta Handigune gaur irekiko dira

Aikor aldizkaria 2023ko mai. 4a, 14:32

Birmoldatze lanen ostean, Zamudioko Udalak gaur irekiko du berriro ludoteka. Hori Kultura Etxeko beheko solairuan dago, eta 5 urtetik 12 urtera bitarteko umeek erabiltzeko aukera izango dute. Guneari Handigune gaineratu behar zaio, ume nagusiagoek, 8-12 urte bitartekoek, erabili dezaten. 

Ludoteka berriak ate propioa izango du hegoaldean, Oiz eta Nekazari kaleen artean, Kultur Etxearen ate nagusiaren beste aldean. Gaur egun, gune hori lanetan dago, baina Igotz López Zamudioko alkateak esan du hilabete barru bukatuta egongo direla. “Handigune sortu dugu ludotekari lotuta. Horrek leku gehiago emango dio ludotekari, eta gazteei, esparru propioa eta zabala. Gela argitsua da eta sarrera independentea du”, esan du Lopezek. Horri esker, zamudioztarrek ludotekaren ordutegitik kanpo ere sartu ahal izango dira hara, herritarren txartela erabilita. Begiralea ordutegi honetan egongo da ludotekan: astegunetan, 17:00etatik 19:30era. 

Ekipamenduari dagokionez, Umeen Kontseiluak erabaki zuen zer eta zelan jarri. Handigunen futbolina, mahaiak, aulkiak, besaulkiak eta mahai-jokoak daude. “Leku aproposa da umeak elkarrekin hitz egiten eta jolasten egoteko. Gainera beste esparru bat eskaintzen digu. Izan ere, ludotekan 5 urtetik 12 urtera bitarteko haurrak batzen dira eta batzuetan batak bestearekin ez du zerikusirik. Horregatik, sortu dugu Handigune, Umeen Kontseiluak hala erabakita, batez ere 8 urtetik 12 urtera bitarteko neska-mutilak bertan egoteko, esate baterako, eguraldi txarra egiten duenean”, azaldu du alkateak.   

Lopezen esanetan, gainerako adin-tarteek badute nora joan Zamudion. “Txikigunea 0 urtetik 8 urtera bitarteko umeek erabiltzen dute eta euria dagoenean jendez gainezka dago. Hori egunero dago zabalik 9:00etatik 21:00etara. Baina herriko Umeen Kontseiluak beste esparru bat eskatu zigun 8-12 urteko neska-mutilentzat. 12 urtetik aurrera, Gaztelekua eta Gaztestazinoa ere baditugu”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).