Zamudioko baserriak batu dituzte liburu batean

Aikor aldizkaria 2023ko mai. 12a, 10:11

Zamudioko baserriak liburua argitara eman du Zamudioko Udalak, Labayru Fundazioarekin lankidetzan eta hainbat herritarrek egindako ekarpenei esker. Bertan herriko auzoetan, Zientzia eta Teknologia Parkean eta industrialdeetan dauden 86 baserri jaso dituzte. Liburuan datu hauek batu dituzte: baserri bakoitzaren izen jasoa edo dokumentatuta; kasu batzuetan, haren alonimoa edo izen baliokidea; ahozko forma; eta toponimo bakoitzari buruz agirietatik ateratako informazioa.

Igotz López Zamudioko alkateak liburuaren hitzaurrean adierazi duenez, liburua dibulgaziorako prestatu da, “baserrien izenen ahozko zein idatzizko erabilera sustatzeko. Baserri horien guztien izenak –haietako batzuek 500 urte baino gehiago dituzte– ez daitezen geratu ikerketa-lanetan ezkutatuta”. Era berean, azpimarratu du lanari esker herriko baserrien izenak errazago jakinaraziko direla belaunaldiz belaunaldi, eta eremu publikoan zein pribatuan eta hezkuntzan erabili daitezkeela. Esan moduan, herriko etxe guztietan banatu da liburuaren ale bat. Nolanahi ere, www.zamudio.eus webgunean ere badago eskuragarri.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).