Festa antolatu dute Salamandra puba gogora ekartzeko

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 16a, 11:17

Zamudioko pub mitikoa izan zen Salamandra, eta hainbat belaunalditako gautxorien habia. Hara joan ohi ziren nostalgiko batzuk batu dira eta diskofesta antolatzea erabaki dute, lokalari zein bertan lanean ibili ziren pertsonei omenaldia egiteko. Festa uztailaren 8an egingo dute, 22:30etik aurrera, Zamudioko jatetxe batean. Horri lotuta, “Yo fuí al Salamandra” orria zabaldu dute Facebooken, eta bertan jaialdiaren xehetasunen berri emanez joango dira.

Azaldu dutenez, Salamandra pubeko elementu bereizgarri batzuk berreskuratu dituzte eta festan jarriko dituzte erakusgai. Gainera, lokalean askotan ibiltzen ziren bi Dj-k Salamandran entzun ohi ziren abestiak ipiniko dituzte. “Elkartze ahaztezina izatea espero dugu, eta hitzordu berri gehiagoren abiapuntua”. Izan ere, hamarkada batzuk pasatu dira Salamandraren urrezko urteetatik hona, baina oroitzapenek bizirik jarraitzen dute bezeroen buruan. “Billar-mahaiak, arrainontziak, dianak…  laguntzen zioten Albertori, zerbitzari trebatua eta zuhurra zena eta edaririk onenak prestatzen zituena”.