Duela urte eta erdi, lagun batzuk Matiasene etxera sartu ziren, Urbasa jatetxearen alboan. Pertsona horiek hainbat istilu sortu dituzte herrian, lapurretak egin dituzte eta portaera desatseginak izan dituzte nagusi eta gaztetxo batzuekin. Gainera, iazko azaroan lagun bi sartu ziren edadeko pertsona baten baserrira eta hura jipoitu zuten dirua lapurtzeko; gertaera oraindik erabat argituta ez dagoen arren, Matiasenetik ateratako pertsonak dira susmagarri nagusiak.
Bestalde, 2004an onartutako arau subsidiarioetan erabaki zen Urbasa jatetxearen eraikina, alboan dagoen aparkalekua eta Matiasene botatzea. Duela hilabete batzuk Lopezek azaldu zigunez, “horiek Bizitegirako Egikaritze-Unitate bat osatzen dute, eta bota behar dira, errepidetik gertuago daudelako eta eraikinak zaharrak direlako, hau da, ez dituzte gaur egungo energia- eta irisgarritasun-eskakizunak betetzen”. Esan zigunaren arabera, epaileak eraikina botatzeko erabakia berretsi zuen, baina Matiaseneko bizilagunen abokatuak helegitea jarri zuen. Gaur, Bilboko Lehen Auzialdiko epailearen aginduta, Matiasenen legez kanpo bizi ziren lau lagunak etxetik atera ditu Ertzaintzak.
“Pozik gaude, baina prozesuak urtebete eta erdi iraun du eta ez da bidezkoa; Europako beste herrialde batzuetan, berriz, zortzi egunean kalean daude”, adierazi digu Lopezek. “Gutxienez, denbora-tarte honetan ez da gertakari larri-larririk izan”. Nolanahi ere, Lopezek aipatu duenez, arazoa orain da pertsona horiek non biziko diren. “Nora jo egon badago, baina gauza da leku horietan ezarritako arauak betetzeko prest dauden ala ez; dena dela, ez da bidezkoa beste pertsona batzuen etxera sartzea”.
Zamudioko Udalak herritarrei eskatu die, egoera berriro gerta ez dadin, inguruan antzeko mugimendurik ikusten badute, 112 telefonora deitu dezatela. “Izan ere, aurretik ikusi dugu beste etxe batzuetan sartzen saiatu direla; are gehiago, etxe batzuetatik ateratzea lortu da”.