Rubén Glera zamudioztarrak bigarren postua lortu du Espainiako MTB txapelketan

Aikor aldizkaria 2023ko uzt. 17a, 10:56

Espainiako mendi bizikletaren Txapelketa (MTB) asteburu honetan jokatu da Huescako Sabiñanigo herrian. Zorribike taldeko Rubén Glera txirrindulari zamudioztarrak bigarren postuan lortu du bertan, irabazlearen minutu bat eta erdira. “Irabaztera etorri naiz, baina pozik nago bigarren postuarekin”, esan du Glerak. Zamudioztarrak 60 urte ditu eta M60 mailan hartu du parte, 60 urtetik 65 urtera bitartekoa.

Txapelketa XCO mailan jokatu da, modalitate olinpikoan. Gleraren esanetan, oso baldintza txarrak egon dira. “Zirkuitua izan da laburra, teknikoa eta gogorra, oztopoz beteta, eta guztira, buelta bi eta erdi eman behar izan ditugu, 15 kilometro gutxi gorabehera. Bestetik, Sabiñanigoko lurzoruak eta paisaiak ez dute zerikusirik Euskal Herrian ditugunekin: hemen, basoak eta berdea nagusitzen dira; han, aldiz, dena da sikua eta horia. Eta bukatzeko, bero handia egin du. Baina tira, txirrindulari guztiok izan ditugu baldintza berberak eta egokitu behar da”.

Glerak irabazteko itxaropena izan zuen Espainiako Txapelketan, aurten beste txapelketa batzuk ere irabazi dituelako, besteak beste, Euskadi txapelketa eta XCO Green Series Challenge. Azken hori udaberritik aurrera jokatzen da eta guztira zortzi saiok osatzen dute, horietako bat Lezaman. “Lasterketa bukatzen dudanean, zorrotza naiz nire buruarekin, baita irabazten dudanean ere. Beti pentsatzen dut zerbait gehiago egin ahal izan dudala, baina pozik nago esperientziarekin. Azken batean, kirola disfrutatzeko egiten dut, besterik ez”, adierazi du. Zamudioztarrak 60 urte izan arren, ez du kirola utzi nahi. “Ehun urte bete arte, gerra ematen jarraituko dut (kar-kar)”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).