Asteburuan, 90 postutik gora izango dira Zamudioko Azokan

Aikor aldizkaria 2023ko aza. 2a, 12:05

Euskal nekazaritza- eta artisautza-produkturik onenak eta txokolaterik eta gozokirik onenak Zamudion batuko dira asteburuan, azaroaren 4an eta 5ean. Azokan 90 postu baino gehiago ipiniko dira, eta nobedade moduan, azoka herrigunera zabalduko da zapatuan, Puro Relajo taldearen kontzertua izango da eta. Gainera, Euskadiko Limusin Ganadu Txapelketa egingo da 29. aldiz.

Zamudioko IX. Txokolate, Gozoki eta Artisautza Azoka zapatuan, azaroak 4, izango da eta bertan, 10:00etatik aurrera, Euskadiko produktuen eskaintza zabala egongo da. Egun horretan ere, eta domekan, Limusin Ganadu Txapelketa izango da. Era berean, 12:00etan Zamudion egindako artisau-garagardoa dastatzeko aukera egongo da, eta 14:00etatik aurrera, Gure Porrusalda eta limusin-katxopoa dastatzeko aukera. Txartelak egunean bertan erosi ahalko dira: euro 1, ur eta freskagarrietarako, eta 2,50 euro, porrusaldarako eta katxoporako. Gainera, 19:00etan Puro Relajo taldearen kontzertua izango da.

Bestetik, domekan, azaroak 5, Zamudioko Nekazaritza eta Abeltzaintza Azoka egingo da 36. aldiz. Kotxozulo parkean 90 postu baino gehiago ipiniko dira, bisitariei produktu freskorik onenak eskaintzeko, hala nola barazkiak, fruta, gazta, txakolina, eztia eta euskal pastela. Era berean hainbat ekintza izango dira goizean zehar: 10:00etan, ganadu erakusketa; 11:00etan, Euskadiko Limusin Ganadu Txapelketaren enkantea; 11:30 Idiazabal gazta eta txakolina dastatzea, azalpenak eta guzti; 13:00etan, Limusin Txapelketaren sariak banatzea; eta 13:30ean, gaztaren, barazkien, frutaren eta txakolinaren sariak banatzea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).