Atxutegi eta Gomez Basauriko Bidebieta klubeko pilotaria da gaur egun. Finalean, Olaburu 6 klubeko Solaguren eta Ortiz de Zarate izan zituzten arerio, eta oso partida lehiatsua izan arren, azkenean 20 eta 22 irabazi zieten. Lehenengo aldia da Atxutegik halako final bat irabazten duena, eta hortaz, pozik baino pozago azaldu da, eta bere buruaz harro. “Egia esan, finalaren aurreko partida guztiak gogorrak izan dira eta nabaritzen zen parte-hartzaile guztiek maila ona zutela, baita irabazteko gogo bizia ere”, esan digu. Atxutegi atzelaria da eta aitortu du kostatu zitzaiela arerioen jokora ohitzea. “Zortzi eta zero galduz joaten ginen, baina azkenean euren jokoari hobeto aurre egiteko modua topatu nuen. Aimar, bestalde, ondo eta seguru ibili zen, eta tantu bat galtzen genuen bakoitzean esaten zidan ez zuela inporta, zerotik hasiko ginela… Apurka-apurka lasaituz joan ginen, eta azkenean emaitzari buelta ematea lortu genuen”.
Zamudioztarra bost urte zituela hasi zen pilotan jokatzen, herriko klubean. “Bertan irakatsi zidaten oinarrizko guztia, eta nigan piztu zuten pilotarako zaletasuna; hainbeste gustatu zitzaidan, ezen futbolean jokatzeari utzi bainion”. Duela pare bat urtetik hona Bidebieta klubeko pilotaria da. “Gustura nago bertan, asko ikasten eta entrenatzen. Oso entrenatzaile ona dut, eta gainerako jokalariak ere oso jatorrak dira”. Aipatu digu momentuz ez duela oso helburu handirik. “Nagoen lekuan egoten jarraitu nahi dut, eta pilotan jokatu”. Nolanahi ere, urtarrilean Baqué txapelketa hasiko da eta bertan hartuko du parte. Azkenik, hurrengo kezka hau adierazi digu zamudioztarrak: “Lehen, pilota-partidak antolatzen ziren Zamudioko jaietan, baina urte batzuk dira ez direla antolatzen. Ea herriko jaietan berriro pilotaz gozatzeko aukera dugun!”.