Zamudioko Krosean izena emateko epea zabalik

a: Beste BIra 2024ko urt. 10a, 13:44

Beste Bira klubak eta Bizkaiko Atletismo Federazioak antolatuta, urtarrilaren 28an Zamudioko Krosa izango da Bidekoetxe parkean. Aurten saioaren hirugarren edizioa beteko da, eta Zamudioko Udalaren babesa edukiko du. Eskola- eta herri-krosari lotutako lasterketak egingo dira. Izena ematea dagoeneko zabalik dago hemen.

Eskola-krosa Federazioaren menpe dago. Lau kategoria egongo dira –benjaminak (700 m), kimuak (1.500 m), umeak (2.100 m) eta kadeteak (2.100 m)–, eta bakarrik parte hartu ahalko dute eskola-kirolean izena emanda duten eta aurtengo denboraldiaren dortsala duten atletek. Horrezaz gainera, beste proba bat egingo da Aitor Blancoren omenez. Proba horretan 2016 urtetik aurrera jaiotakoek parte hartu ahalko dute, eta parte-hartzailearen kopuruaren arabera, egunean bertan jakinaraziko da zenbat lasterketa egingo diren. Proba horietan bietan parte hartzeko, ez da beharrezkoa aurretik izena ematea; oroimenezko proban, bestalde, ez da egongo ez dortsalik, ez sailkapenik. Proba hori 10:30ean hasiko da, eta gainerakoak 11:00etatik aurrera izango dira. Nesken lasterketa eta mutilen lasterketa egingo dira kategoria bakoitzean.

Herri-lasterketak lau kilometroko ibilbidea izango du eta ez da beharrezkoa federatuta egotea bertan parte hartu ahal izateko. Parte-hartzaileek bost euro ordaindu beharko dituzte. Gainera, 4x1000 relebo mistoetako proba egingo da; taldean gutxienez emakume edo gizon bat egon behar dira, eta adinari dagokionez, ez da mugarik egongo. Talde bakoitzak 15 euro ordaindu beharko ditu. Aurreko edizioetan bezala, trofeo bana emango zaie lehenengo sei sailkatuei, bai gizonei, bai emakumeei. Sari gehiago egongo dira eta zozketa bat. Karpa-eremua egongo da taldeentzat.

“Herritar guztiak animatu nahi ditugu krosean edo errelebo-lasterketan belarretan saiatzera. Aukera da modalitate hau federatuta ez daudenei hurbiltzeko, eta erreleboak dira taldeka ondo pasatzeko modua. Errelebo mistoak dira, ez da beharrezkoa talde berekoa izatea, eta ez dago adin-mugarik; hori bai, talde bakoitzean gutxienez neska bat eta mutil bat egon behar dira”, aipatu dute klubeko ordezkariek.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).