Euren hitzetan, gastuek eta sarrerek “udal-zerbitzuak bermatuko dituzte”, eta hauek azpimarratu dituzte: digitalizazioa, errepideak, udal-eraikinak eta –instalazioak mantentzea eta hainbat adin-tarteko biztanleei ematen dizkieten zerbitzuak, hala nola Benidormeko bidaia, diru-partida handiagoa izango duena, kultura-ikastaroak eta umeentzako eta gazteentzako programazioa.
Diru-sarrerei dagokienez, “pandemiak baldintzatutako urteen ostean egoera ekonomikoa orekatu da, eta aurreikusten da Eraikinen, Instalazioen eta Obren Gaineko Zergatik etorritako aurtengo diru-sarrerak eta iazkoak antzekoak izatea. Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergen esparruan, 2.172.000 euroko sarrera espero da, 2021-2023 urteetako batez bestekoaren antzekoa, baina 2023koa baino % 5,07 txikiagoa”, aipatu dute. Bestalde, Zamudioko Udalak 1.404.000 euroko diru-sarrera espero du Ondasun Higiezinen gaineko Zergatik, “2021-2022 tarteko batez bestekoaren parekoa”, eta 329.000 euro Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergatik, “2020-2022 urteen antzera, ibilgailuen erroldan ez delako aldaketa esanguratsurik egon”. Esan moduan, Zamudiok 2.738.000 euro jasoko ditu Udalkutxatik, iaz baino 172.000 euro gehiago.
Gastuen atalean, Zamudioko Udalak adierazi du % 9,56 handitu dela langileen diru-partida, “Enplegu Planaren eta Lehen Esperientzia programaren bidez gazteak kontratatuko dira eta”. Egitasmo biak diruz lagunduta daude, eta Udalaren esanetan, hori dela eta, “gazteak laneratzea bultzatuko da, udal-ekonomiako baliabideen eraginkortasuna bermatuta”. Lehen Esperientzia programaren bidez, Europar Batasuneko Next Funtsen barnean, arkitekto gazte bat eta administrazio orokorreko teknikari gazte bat kontratatuko dira 12 hilabetan, % 100eko jardunaldian. Enplegu Planaren bitartez, bi administrazio-laguntzaile eta peoi bat kontratatuko dira 12 hilabetan, % 75eko jardunaldian.
Zamudioko Udalak prentsa-oharrean esan du ohiko gastuak % 5,55 murriztuko direla. “Mantentze- eta konpontze-lanak egin ondoren aurreikusi da eraikin eta azpiegiturak mantentzeko diru-partida txikiagoa izango dela; partida 318.000 eurokoa izango da, iaz baino 41.000 euro gutxiago”. Halaber, espero du udal-eraikinen elektrizitate-energien kontsumorako diru-partida % 22,99 jaistea (-49.200 euro), gas-horniketarako diru-partida % 46,25 handitzea (+300.200 euro). Benidorreneko bidaiaren aurrekontua, bestalde, 136.000 eurokoa izango da, iaz baino 2.000 euro gehiago. Azkenik, udalak adierazi du urtean zehar beharrezkotzat jotzen diren inbertsioak egingo direla, eta horretarako, besteak beste kontuan hartuko direla iazko aurrekontuaren likidazioa, 2024ko aurrekontuaren exekuzioa eta dirulaguntzak.
Aurrekontuak EAJren aldeko botoei esker onartu dira; EH Bilduk ez zuen bozketan parte hartu.