Matxismoak eraildako emakumeei omenaldia egin diete Zamudion

a: Zapata Gorriak 2024ko urt. 26a, 12:09

Zapata Gorriak Zamudioko talde feministak antolatuta, atzo, urtarrilak 25, omenaldia egin zieten indarkeria matxistak 2023an Estatuan eraildako emakumeei. Ekitaldian eskualdeko talde feministek, Lagunandre Zamudioko emakumeen elkarteak eta Anpuluek neska gazteen taldeak ere hartu zuten parte, baita hainbat kirol-, kultura- eta gizarte-taldetako ordezkariek ere. Omenaldian, banan-banan irakurri zituen emakumeen izenak, eta nola hil zituzten azaldu. “Oso garrantzitsua da emakumeak eta haien hilketak ikusgai egitea, arazoaren tamainaz ohartarazteko. Beraien heriotzak borroka feministarako grina pizten du”, adierazi dute.

Ekitaldia Leizaola plazan, indarkeria matxistaren kontrako bitrinaren aurrean, egin zuten. Matxismoak hildako emakume bakoitzaren izena esatearekin batera, abarketa bat hartu eta lurrean ipini zuten, harik eta emakumeen sinboloa osatu zuten arte. Orotara 105 abarketa ipini zituzten. Berdintasun Ministerioaren datu ofizialen arabera, indarkeria matxistak 55 emakume hil zituen iaz Estatuan; omenaldia egiteko orduan, oraindik ikerketan dauden kasuak eta indarkeria bikarioaren biktimak ere kontuan hartu dituzte, eta Feminicidio.net webguneko datuetan oinarritu dira. Bestalde, agurra ere dantzatu zieten biktimei eta, horretarako, Hiru Bat dantza taldearen laguntza izan zuten.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).