Beste aldetik, aurkezpenean adierazi zuten moduan, euskararen aldeko lasterketa erraldoiak helburu bikoitza du: alde batetik, euskararen aldeko kontzientzia suspertzea, eta beste aldetik, AEKren eguneroko lana indartzeko dirua biltzea. Horrela, hainbat modu daude laguntzeko: korrika eginez, kilometroak eta arropa erosiz, AEKren webgunean dagoen kontu korrontean diru-ekarpenak eginez, informazioa gizarte-sareetan partekatuz… Petoak eta arropa Txepetxa euskaltegian dago salgai, eta kilometroa erosi nahi duenak ere hara jo dezake: txepetxa@aek.eus eta 944 543 967.
Ekitaldian Zamudioko eskolako umeek ere hartu zuten parte, eta Etxahun Lekuerekin batera bertsolaritza-eskolan aurkezpenerako egindako bertsoa bota zuten. Era berean, eta guztiz itxita ez dagoen arren, KORRIKA Kulturalaren baitan egingo diren ekitaldietako batzuen berri eman zuten. martxoaren 15ean, bertso-afaria izango da Txorierriko Baserri Antzokian, Lagatzu Zamudioko elkarteak eta Zorrizketan Lezamako euskara elkarteak antolatuta. Era berean, zirku-tailerra egingo da martxoaren 20an, Lezaman, herri horretan zein Larrabetzun Bizkarsoro filma ikusteko aukera egongo da: Larrabetzun martxoaren 22n emango dute, 19:00etan, eskolako jantokian; baina Lezamako hitzordua konfirmatu barik dago. Bea Egizabalek, bestalde, Magma mia bakarrizketa aurkeztuko du martxoaren 21ean, 19:00etan, Derioko Marikobaso Espazioan. Esandakoez gainera, herri-bazkariak eta askoz ekintza gehiago antolatuko dira. Sondikan, adibidez, herri-bazkaria egingo da martxoaren 16an, eta txartelak martxoaren 12ra arte eskuratu ahalko dira Egarri tabernan; era berean, umeentzako jolasak izango dira martxoaren 17an, 12:00etan, Ikurrinaren enparantzan. Gainerako ekitaldien berri gizarte-sareen bidez eta herrietako kultura-agendetan emango dute datozen egunetan; beraz, adi-adi egon beharko da! Azkenik, autobusa antolatuko da martxoaren 24an Baionara joateko.