“Enpresa bereko langileak gara, Enviser enpresakoak, eta Sondikakoek batez ere soldata-arloan lortu dituzte hobekuntzak. Enpresak esan digu soldatak parekatzeko 2023ko eta 2024ko KPIri uko egin behar diogula, dirurik ez dagoelako; eta ez dugu onartzen. Era berean, proposatu digu soldata 2025ean igotzen hasi eta 2027an Sondikako langileenarekin parekatzea. Gauza da guk 2027an Sondikakoek orain kobratzen duten soldata kobratuko genukeela, eta hori ere ez dugu onartzen. Eskatzen duguna bidezkoa da, gure ustez”.
Azaldu duten moduan, denbora-tarte honetan enpresa luzamendutan ibili da. “Esan ziguten apur bat itxaroteko, lehenengo eta behin, hauteskundeak izango zirelako; gero, oporraldia etorriko zelako; ondoren, alkate berria egongo zelako… Eta denborak aurrera egiten du eta berdin jarraitzen dugu. Horregatik hasi dugu greba. Espero dugu hau ahalik eta azkarren konpondu ahal izatea”.
Aikor! aldizkariak Enviser enpresara jo du bere ikuspuntua ezagutzeko, baina lerro hauek argitaratzean ez dugu haren berririk izan. Zamudioko Udalak, bestalde, argitu du “enpresa esleipendunaren eta bere langileen arteko gatazka dela". Azaldu duenez, lorezaintza-zerbitzua indarrean dagoen kontratu publiko baten bidez ematen da, “eta udala kontratu horri dagozkion fakturen ordainketa betetzen ari da une oro”. Udalak espero du “enpresaren eta langileen arteko ezberdintasunak ahalik eta azkarren konpontzea, bi aldeentzat modu egokian, eta herritarrei zerbitzurik onena ematen jarraitu ahal izatea”.