Talentu erakustaldia 12:00etan hasiko da eta bertan 11 parte-hartzaile ibiliko dira euren talentua jendaurrean erakusten: Gazte Asanblada, Hiru Bat, EAJ, Kantarelux, Zamudioko Kamara Korala, Gurasoen Elkartea, Zapata Gorriak, Bertoko, Lagatzu, bizikleta gainean gauza harrigarriak egiten dituen gazte bat eta musikaria den beste gazte bat. Oholtzaren gainean ikusiko dira, besteak beste, bertso-saio bat, abesti ezagunen egokitzapenak, arao bat eta kantua eta herri kirolak uztartzen dituen ikuskizun bat. Ekitaldia Julian Iantzi eta Ainhoa Etxebarria aurkezleek gidatuko dute eta aipamenak egingo dituzte saioak hasi aurretik eta amaitu ostean. “Beti aipamen positiboak izango dira. Izan ere, Lagatzu Eguna – Euskal Jaia beti egiten dugu ahalik eta talde gehienekin, eta aurtengo ekintza ez da lehiaketa bat, jaian parte hartzeko modua baizik”.
Talentu erakustaldiaren ostean, kalejira egongo da Bertoko eta Kantareluxen eskutik, eta hori amaituta, herri-bazkaria, 450 lagun inguru batuko dituena. Arratsaldean, Taberna Ibiltariaren musika-saioa izango da, eta umeentzako jolasak. Eguna biribiltzeko, erromeria egongo da Gora Herria taldearen eskutik. “Uste dugu arrakastatsua izango dela, beti ere herriko taldeei esker, ze guk bakarrik ezin izango genuke halako ekintza bat egin. Espero dugu jendeak ondo pasatzea, eta, era berean, balioko balu kasu batzuetan euskararenganako kontzientzia pizteko, eta beste kasu batzuetan gogorarazteko, bada, helburua beteta egongo litzateke”.
Lagatzuk Carmen Mendigurenen pastorala antolatu zuen iaz, eta horren testua jasotzen duen testua eskuragarri izango da aurtengo Lagatzu Egunean, doan, herritarrek oroigarri moduan eraman dezaten. Euskara elkarteak iaz argitaratutako beste liburu batzuk ere ipiniko dituzte eskuragarri.