Talentua badago Zamudion

b eta a: Jon Etxezarraga 2024ko uzt. 1a, 13:58

Ahalegin berezia egin dute zamudioztarrek aurten, Lagatzu Egunean euren talentua erakusteko. Izan ere, Lagatzu euskara elkarteak antolatuta, talentu erakustaldia izan zen zapatuan, ekainak 29. Agertokira herriko bederatzi elkarte eta bi norbanako igo ziren, eta antolatzaileen esanetan, guztiek, salbuespen barik, oso lan politak eta landuak aurkeztu zituzten. “Nabaria izan da aurretik lan handia eginda zutela”, adierazi dute Lagatzukoek.

Ohikoa denez, ekaineko azken zapatuan Lagatzu Eguna – Euskal Jaia ospatu du Lagatzu Zamudioko euskara elkarteak. Ekintza berezia prestatzen dute urtero, eta oraingo honetan talentu erakustaldia gozatzeko aukera egon da. Horrela, oholtza gainean arao bat antzeztu da, musika jo da, bertso-saioa egin, bizikletaren gaineko erakustaldia… Baldintza bakarra zen ikuskizunetan euskara erabiltzea, eta parte-hartzaileek ondo baino hobeto bete dute egin beharrekoa, kalitate handiko saioak erakutsi zituzten eta. Ekitaldia Julian Iantzi eta Ainhoa Etxebarria aurkezleek gidatu zuten.

Talentu erakustaldiaren ostean, kalejira izan zen Bertoko eta Kantareluxen eskutik; euria egin arren, giro ederra egon zen. Herri-bazkarian 450 lagun inguru batu ziren, eta bazkalostea Taberna Ibiltariak girotu zuen, agertokira igo ziren elkarteek eta herritarrek lagunduta. Eguna biribiltzeko, erromeria izan zen Gora Herria taldearekin. “Aurtengo Lagatzu Eguna amaituta, betiko moduan, oso sentsazio ona dugu”, esan dute antolatzaileek. Datorren urteko Lagatzu Eguna buruan dute dagoeneko, baina hori baino lehen, urrian, Lagatzuren 25. urteurrena ospatuko dute; laster emango dituzte ospakizun-ekitaldiaren xehetasunen berri.