Udalak prentsa-ohar baten bidez jakinarazi duenez, prozesua barikuan, irailak 13, hasiko da. Zamudiotorren bilera izango da Zamudiotorren, 18:00etan, eta bertan inkestak egingo dira. Horrezaz gainera, bost bilera telematiko egingo dira aurrian, auzoetako beharrizan espezifikoak aztertzeko, eta iradokizun-postontzia ipiniko da udaletxeko sarreran. Era berean, helbide elektroniko bat ipiniko da herritarren eskura, euren iradokizunak helarazi ditzaten.
Lander Aretxabaleta Zamudioko alkatearen esanetan, “udalak konpromiso handia du herriko auzoekin, eta euren beharrizanak tokian bertan ikusi behar dira”. Azaldu duenez, “entzuteko prozesua ez da administrazioko ariketa hutsa, elkarrizketa irekia baino. Horrela, auzoen beharrizanak ezagutu ahalko dira, eta ahal den neurrian udal-programara ekarri”. Horri dagokionez, gogora ekarri du “egiten diren proposamenak udal-eskumenekoak izan behar direla”. Udalak eskaera bakoitza aztertzeko eta ahal den neurrian ezartzeko konpromisoa duela esan du Aretxabaletak. Horretarako, kontuan hartuko da adostasun handiena duten eskaerak zeintzuk diren, baita horien bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa. “Aurrekontu-, eskumen- eta lege-mugak daude eta”.
Inkestak baliagarriak izango dira beharrizanei buruz hasierako ideia egiteko, eta hori osatzeko, bost bilera telematiko egingo dira urrian: hilaren 16an, Galbarriatu txokoan, Santi Mami eta Galbarriatu auzoak; hilaren 18an, Sandoni baselizan, Aranoltza, Oxinaga eta Sandoni auzoak; hilaren 23an, Zamudiotorren, Arteaga auzoa; hilaren 25ean, Zamudiotorren, Lukundiz; eta hilaren 30ean, Geldo txokoan, Geldo eta Daño auzoak. Saio guztiak 18:00etan izango dira eta ordu bi iraungo dute. “Auzotar guztiak animatzen ditugu ekintzan parte hartzera”, adierazi du Aretxabaletak. “Haien parte-hartze aktiboa behar dugu, auzotarren nahiei zintzo erantzun ahal izateko”. Iradokizunak batu, eta azterketa teknikoa eta ekonomikoa egingo da, euren bideragarritasuna aztertzeko.
Beste aldetik, Zamudioko Udalak aurreratu du urrian eta azaroan beste ekimen bat egingo dela herrigunea hobetzeko, eta herritarrek horretan ere parte hartzeko aukera izango dutela.