Ospe handiko euskal abeslariak batuko dira zapatuan, `Zamudion Kultura Bere Bidean´ egitasmoan

Aikor aldizkaria 2024ko urr. 15a, 10:30

Hogeita bost urte bete ditu Lagatzu Zamudioko euskara elkarteak, eta urteurrena behar moduan ospatzeko, ekintza berezi-berezia antolatu du zapaturako, urriak 19: Zamudion, Kultura Bere Bidean. Herriko kiroldegian atonduko den agertokira euskal musikaririk garrantzitsuenetako batzuk igoko dira, eta euren abestirik ezagunenak joko dituzte, Lagatzuko kideekin eta ikusleekin batera festa handia egiteko.

Egitasmoak hurrengo hauek batuko ditu Zamudion: Iñigo Etxezarreta (ETS), Francis Diez (Doctor Deseo), Iñaki Ortiz de Villalba (Betagarri), Asier Gozategi eta Iñigo Goikoetxea (Gozategi), Gorka Sarriegi eta Urbil Artola (Sorotan Bele), Roberto Moso (Zarama), Amaia Oreja, Kris Solano eta Maixa Lizarribar (Amak), Eneritz Gorritxategi eta Edurtzeta Ania (Haize Arrosa), Juantxu Urkiaga (Jokaldi), Eider Saez, Mikel Markez, Etxahun Lekue eta Kukai dantza-konpainia. “Bakoitzak bere edo bere taldearen kantarik ezagunena joko du, edo abesti pare bat. Gainera, baliteke musikari batzuek elkarrekin ere abestea”, azaldu digute Lagatzuko kideek. “Musikari bakoitza bere izenean etorriko da, eta ikuskizuna egin ahal izateko, sei musikarik osatutako taldearen laguntza izango dute; talde hori ikuskizuna osoan zehar arituko da”.

Esan moduan, Zamudion Kultura Bere Bidean ikuskizuna urriaren 19an izango da Zamudioko kiroldegian, iluntzeko zortzietatik aurrera. Sarrerak 18 euroan erosi daitezke hemen eta hurrengo leku hauetan: Zamudioko liburu-dendan, Foteri tabernan (Larrabetzu) eta Txorierriko Baserri Antzokian eta Hiru tabernan (Derio).

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).