Bizkaiko kros-txapeldunak koroatu ziren Zamudion

Aikor aldizkaria 2024ko abe. 4a, 12:06

Domekan, abenduak 1, Bizkaiko atletismoaren epizentro bihurtu zen Zamudio, bertan kros txapelketa garrantzitsua egin zen eta. Proban 300 bat atletak hartu zuten parte, 16 urtez azpiko kategoriatik kategoria absolutura, eta Bidekoetxen atondutako zirkuitua egin zuten. Proban Bizkaiko txapeldunak nortzuk diren erabaki zen, banakako zein taldeka.

Bi kilometroko buelta eta 1.300 metroko buelta egin zituztela, korrikalariek 2.700 metrotik 8.700 metrora bitarteko distantziei egin behar izan zieten aurre. Kategoria absolutuan, Durango Kirola Taldeko Izaro Aranburuk eraman zuen txapela emakumeetan, eta Ruben Torresek, gizonetan, sailkapen orokorrean bigarrena izan zen arren. Taldeka, bestalde, Korrikazaleak taldeak irabazi zuen gizonetan, eta Bilbao Atletismo Santutxuk, emakumeetan.

Proba Beste Bira Loiuk antolatu zuen Bizkaiko Federazioarekin eta Zamudioko Udalarekin lankidetzan. Txorierriko atletismo taldeak ere emaitza politak lortu zituen proban. Horrela, Alain Sanchoyerto lehenena izan zen 20 urtez azpiko kategorian, eta Itálica proban parte hartu zuen 20 urtez azpiko taldea ere garaile izan zen Zamudion. Horrezaz gainera, kategoria absolutuko taldea txapeldunordea izan zen. “Gogoratzeko moduko proba da Zamudiokoa, eta Bidekoetxe bihurtu du atletismo-agertoki handia”, adierazi dute antolatzaileek.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).