“Kutxa zuriekin eman nahi diegu espazioa ez da hutsala”, esan zuten. “Emozioz beterik dago. Ezinegona adierazten du, ez garelako di-da batean indarkeria matxistaren kontra gizarte osoa altxarazteko gai. Beldurra sortzen digu, dakigulako 2025ean beste hainbeste egongo direla, ez baita ez behar besteko neurririk, ez behar bezalako neurririk hartzen. Amorrua, gureganako indarkeriatik ez baikaude inor libre; eta tristura eta negargura, izenak aipatzeak pertsona, emakumea, izan direla gogora ekartzen digulako”. Gogora ekarri zuten moduan, iaz 100 emakume inguru hil zituzten “kultura matxistaren eraginez”. Horrela, feminizidio-mota bakoitzaren biktimen izenak esan zituzten, “izan ere, bikotekideak edo bikotekide ohiak hildako emakumez gainera, gizon baten eta sistema matxista eta patriarkal baten biktimak izan direnak ere hartzen ditugu kontuan”. Zoritxarrez, indarkeria matxistaren 2025eko lehen biktimaren izena sartuta dute beira-arasan.