Begirale- eta kirol monitore-lanpostuak Zamudion

Aikor aldizkaria 2025ko mar. 11a, 13:32

Zamudioko Udalak gizarte-sareen bidez jakinarazi duenez, lanpostu hauek eskaintzen ditu Aste Santuari begira: alde batetik, Pazkolekuetako begiralea; eta bestetik, haurren kirol-monitorea. Kasu bietan, izena emateko azken eguna martxoaren 31 izango da. Horretarako, EGAZ Txorierrira jo behar da.

Pazkolekuetako begirale-lanpostuari dagokionez, lana da hiru urtetik bost urtera bitarteko umeei arreta ematea eta jarduerak dinamizatzea. Baldintzak hauek dira: izatea aisialdi-begirale, Magisteritza, Haur Hezkuntza edo Lehen Hezkuntza titulua; delitu sexualen ziurtagiria eguneratuta izatea; eta euskararen B2 maila. Lanaldia izango da apirilaren 14tik 16ra eta apirilaren 22tik 25era, 08:30etik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era. Lanpostuaren erreferentzia 275 da.

Haurren kirol monitore-lanpostuari dagokionez, bestalde, 6 urtetik 12 urtera bitarteko umeekin lan egingo da, giro ludiko batean adingabeak kirolaren bidez hezteko. Baldintzak hurrengo hauek dira: esperientzia eta prestakuntza espezifikoa kirol arloan; jarduera hasi baino lehen kirolean umeak zaintzeko eta babesteko sentsibilizazio-ikastaroa izatea edo online egitea; delitu sexualen ziurtagiria eguneratuta izatea; eta euskararen B2 maila. Lanaldia izango da apirilaren 14tik 16ra eta apirilaren 22tik 25era, 08:30etik 14:00etara. Lanpostuaren erreferentzia 328 da.

Izena ematea www.egaz.eus webgunean egin daiteke, 944 536 370 telefono-zenbakira deituta edo Egaz Txorierriren bulegoan bertan, 09:00etatik 14:00etara: Txorierri etorbidea 46, 13A Sondika.