Webgune berria du Derioko Udalak

Aikor aldizkaria 2025ko mar. 26a, 11:41

Derioko Udalak webgune berria ipini du martxan: www.derio.eus. “Atal berria nabigazio-esperientzia intuitiboagoa, eskuragarriagoa eta eraginkorragoa eskaintzeko diseinatu da, eta administrazio-izapideak telematikoki kudeatzea errazten du”, azaldu dute prentsa-ohar baten bidez.

Webgunearen berrikuntza nagusien artean azpimarratu dute egitura antolatuagoa eta modernoagoa dela eta izapideen onlineko kudeaketa optimizatzen duten tresnak daudela. Era berean, adierazi moduan, diseinu moldagarriak ahalbidetzen du tresnak edozein gailutatik erabiltzea. Egitasmoa Derioko Udalaren eraldaketa digitaleko prozesuaren baitan dago, eta duela gutxi administrazio elektronikoko sistema bat ere ipini zen, “zerbitzuaren eraginkortasuna eta iraunkortasuna hobetzeko”.

Esther Apraiz Derioko alkatearen esanetan, “webgune berriari esker, herritarrek errazago eta azkarrago erabili ahal izango dituzte udal-zerbitzuak, izapideak arinduko dira eta udala hurbilago egongo da herritarrengandik. Urrats garrantzitsua da digitalizazioarekin eta herritarrentzako arreta-zerbitzua etengabe hobetzearekin dugun konpromisoan”.