Egitarau oparoa antolatu zuten Inisitue gazte-asanbladako kideek apirilaren 12rako: poteo musikatua, herri-bazkaria, gazte-olinpiadak, elektrotxaranga eta kontzertuak. “Bazkarian 160 pertsona inguru batu ginen. Bazkaria oso gozo egon zen, eta osteko olinpiadak oso dibertigarriak izan ziren: jendeak gogotsu hartu zuen parte”, azaldu dute. Arratsaldean euria bota bazuen ere, gazteak-eta animatu ziren eta Sakatu elektrotxarangarekin batera kalez kale ibili ziren herriko txokoak girotzen. “Herria jendez beteta egon zen! Gauerako, bestalde, karpatxo bat eta haima batzuk ipini genituen plazan euritik babesteko, eta plaza ere bete zen. Oso pozik gaude!”. Agertokira igo ziren Skabidean, Chuleria, joder! TOC eta Dj Aka Pibikens. Bestalde, aipatu beharra dago Inisitue gazte-asanbladak aurten 30 urte bete dituela. Ondorioz, are bereziagoa izan da aurtengo Gazte Eguna.