Orquesta Vulkano eta Kaotiko, Pazko jaietan

Aikor aldizkaria 2025ko eka. 2a, 13:42

Kaotikoa taldea

Ekainaren 6tik 9ra bitartean, Pazko jaiak ospatuko dituzte Zamudion, eta Eguraldi Ona jai-ba-tzordeak eta Zamudioko Udalak herritar guztientzako jai-egitaraua antolatu dute. Besteak beste, umeentzako jokoak, txapelketak eta bertso-saioa egongo dira. Musika-taldeen artean Orquesta Vulkano eta Kaotiko egongo dira.

Txupinazoa bariku arratsaldean botako dute, eta kalejiraren eta karameluen banaketaren ostean, perretxikoak dastatzeko aukera egongo da Leizaola Lehendakaria plazan. Dj Eduk eta Dj Tarak musika ipiniko dute bertan 21:00etatik aurrera, eta Orquesta Vulkanoren ikuskizuna 23:30ean hasiko da Sabino Arana plazan. Zapatuan, bestalde, Sukalki Eguna izango da. Goizeko 9etan zabalduko da sukalki txapelketan zein tortilla txapelketan izena ematea, eta sariak 13:30ean banatuko dira. Gainera, goizean zein arratsaldean umeentzako jokoak egongo dira Bidekoetxe parkean, eta 16:00etan, erromeria Kittu taldearen eskutik. Arratsaldean ere abesbatzen kontzertua izango da San Martin elizan. Bertan hauek abestuko dute: Soinu Bidea (Basauri), Sorozabal abesbatza (Portugalete) eta Zamudioko Kamara Korala eta Zoli abesbatza. Bestalde, Orkeska Elektrotxarangak girotuko ditu herriko txokoak, eta agertokira igoko dira Kaotiko eta Perlata taldeak. Ondoren, Dj Zatzazek ipiniko du musika.

Domeka goizean, meza egongo da, eta zumba-saioa, Agirre Lehendakaria plazan. Bestalde, eguerdian emakumeen goi mailako esku-pilota jaialdia egingo da pilotalekuan, eta Ez da kasualitatea bertso-jaialdia arratsaldean. Jaiak amaitzeko, meza eta kopaua elizpean egongo dira astelehen goizean, eta karta txapelketa, arratsaldean.