Lerro hauek idaztean bederatzi taldek eman dute izena egitasmoan. “Era berean, gune berean azoka bat atonduko da eta bertan ere taldeek nahi dutena erakutsi edo salduko dute. Adibidez, Hiru Bat dantza-taldeak euskal jantziak ipiniko ditu ikusgai, eta perretxikoak dastatu ahalko dira Zizegorri elkartearen eskutik. Taldeek nahiago duten ekintzatan hartu ahalko dute parte, batean zein bestean edo bietan”. Ekintza goizeko 11etan hasiko da, eta aurreikuspenaren arabera, ordubete eta 30 minutu iraungo du. “Ekintza grabatuko dugu eta erreportajea egingo dugu. Amaia Uribe Astorkia kazetariak gidatuko du erreportajea. Gero, lana herri osoaren eskura ipiniko dugu lotura batean, nahi duenak eskuratu dezan”. Aurtengo Lagatzu Eguna - Euskal Jaiaren leloa edo izenburua “Gure jendea” da. “Ekitaldian parte hartzen duten taldeek zamudioztar asko eta asko ordezkatzen dituzte, eta, hortaz, pentsatzen dugu gure herritarrak hor daudela; Zamudioko jendearen erakusgarri bat izango da”.
Ekintza nagusiaren ondoren, taldeek eta herritarrek tarte librea edukiko dute herri-bazkarira arte. “Bazkaria 15:00etan izango da Lehendakari Agirre plazan, eta jai-giroa herriko beste alde horretara ere zabalduko da. Ondoren, Broken Izotz herriko taldeak lagunduta euskal abestiak kantatuko ditugu, eta umeentzako zurezko jolasak ere egongo dira. Amaitzeko, erromeria izango da Trikizio taldeak girotuta”. Lagatzu euskara elkarteak euskal jantziak jantzita joateko deia egin die herritarrei. “Espero dugu animazioa egotea eta, betiko moduan, Lagatzu Eguna - Euskal Jaia erreferentea izatea. Izan ere, jende askok esaten du herriko jairik onena dela. Baina batez ere helburu du euskararen erabilera. Horregatik, jai hutsa izan ez dadin, herritarrei eskatzen diegu ahalegina egiteko eta dakigun euskara hori, ona zein txarra izan, erabiltzeko”.
Beste aldetik, aipatu beharra dago gaur, ekainak 27, kantaldia izango dela Triskele taldearen eskutik, Fernan tabernaren ondoko plazan. Ekintza hori ere Lagatzuk antolatu du Lagatzu Eguna – Euskal Jaiaren harira eta 21:00etan hasiko da.