“Aurten ganadurik egon ez arren, azoka indartzea lortu dugu”

Aikor aldizkaria 2025eko azaroaren 5a

Lander Aretxabaleta Jauregi · Zamudioko alkatea
Azaroaren lehen asteburuan ospatuko da, urtero lez, Zamudioko Azoka. Azkenaldian ganaduari eragin dion dermatosiak hura erakustea eragotzi arren, Udalak nekazaritza eta artisautza produktuen eskaintza zabaldu du, egitaraua “dastaketa eta jarduera bereziekin” osatuta.

Zein da azokaren helburu nagusia?
Gure lehenengo sektorea sustatzea eta bertako ekoizleen lana balioan jartzea. Udalerriko eta inguruko nekazari, artisau eta ekoizleek euren produktuak zuzenean herritarrei eskaintzeko aukera izatea oso garrantzitsua da eta. Aldi berean, azoka gure herriaren nortasunaren eta komunitatearen ispilu ere bada: belaunaldi desberdinen topagune eta gure ohiturak bizirik mantentzeko gunea.

Zer dago antolatuta egitarauaren baitan?
Aurten ere egitarau zabala izango dugu, bi eguneko azokarekin, azaroaren 8an eta 9an. Guztia karpapean egingo da, eta ohiko moduan, nekazaritzako eta artisautzako produktuak izango dira ardatz nagusiak.

Zein da aurtengo berritasun nagusia?
Aurten, egoerak hala behartuta, ezingo dugu ganadua erakutsi, Euskadin hartu diren prebentzio-neurrien ondorioz, dermatosi nodular kutsakorraren kasuak direla eta. Hala ere, azoka ez da ahuldu: aitzitik, aurten indartu egin dugu azoka, nekazaritzako produktuen eta artisautzaren eskaintza zabalduta, eta egitaraua dastaketa eta jarduera bereziekin osatuta. Aurten sari berezi bat gehitu dugu gainera, saltokirik onenarentzat alegia. Horrez gain, karparen azpian espazio atsegina sortu dugu, eguraldi txarra izan arren azoka giro ederrean egiteko moduan.

Zenbat postu egongo dira?
Aurten 90etik gora postu izango ditugu, iazko parte-hartzea gaindituz. Horrek erakusten du azokaren osasuna eta ekoizleen interesa. Guretzat pozgarria da hainbeste jende Zamudiora etortzea euren produktuak eskaintzera.

Nola banatuko dira postu horiek?
Postuak hainbat ataletan banatuko dira: alde batetik, nekazaritzako produktuak –barazkiak, gaztak, eztia, ogia eta txakolina– eta bestetik, artisautza eta gozogintza. Horrek aukera emango du herritarrek eta bisitariek gure eskualdeko eskaintza osoa ezagutzeko, produktuaren jatorria eta kalitatea gertutik biziz.

Azoka hau lehenengo sektorean oinarrituta dagoela kontuan hartuta, azokan eraginik izan al du azkenaldian albisteetan ikusi izan dugun eta ganaduari eragiten dion dermatosiak?
Bai, noski. Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek hartutako erabakiaren ondorioz, aurten ez da ganaduaren erakusketarik izango. Erabakia errespetatzen dugu, osasuna eta segurtasuna lehentasun direlako. Hala ere, azoka ez da horregatik galduko: nekazarien, artisauen eta tokiko ekoizleen lana izango da protagonista nagusia, eta bisitariek ohiko kalitate eta giro ona izango dituzte.

Zer aurreikuspen dituzue azokarako?
Aurreikuspenak oso onak dira. Parte-hartze handia izango dugu, bai ekoizleen aldetik, bai bisitarienetik, jendetza espero dugu bi egunetan zehar. Izan ere, zapatu eguerdian, putxeretan prestatutako lehen mailako bazkaria banatuko da, eta iluntzean, Gozategi taldearen kontzertuaz gozatuko dugu herrigunean. Domekan ere, musika, dastaketak eta giro herrikoia uztartuz, esperientzia osoa eskainiko dugu.

Zer esango zenioke zalantzan dagoen herritar bati azokara bertaratzera animatzeko?
Esango nioke ez dadila zalantzan geratu: Zamudioko Azoka ez da merkatu huts bat, gure herriaren nortasuna da. Bertan topatuko ditu produkturik onenak, gertutasuna eta giro paregabea. Gainera, modu zuzenean laguntzen diegu gure nekazari eta artisauei. Horregatik, datorren asteburuan, karpapean, badugu zer ospatu eta zer dastatu Zamudion.