Aste oso batean zehar banatuko dira aurtengo San Martin jaietako ekintzak

Aikor aldizkaria 2025eko azaroaren 11

Azaroaren 10a eta 16an bitartean, San Martin jaiak ospatuko dira Zamudion. Udalak eta Eguraldi Ona jai batzordeak hamaika ekintza antolatu ditu aste osoan zehar, herritar talde guztietara egokituak.

Aurtengo San Martin jaiak hel-tzear dira. Jaiei hasiera ematen dion txupinazoa azaroaren 11n, martitzenean, izango da, baina ekintzak 10ean, astelehenean, hasiko dira. Bertan, umeentzako jolasak egongo dira ludotekan 11:00etatik aurrera, karta txapelketa Adintsuen Etxean 16:00etan, eta 19:00etatik aurrera, pintxo-potea egongo da eta odolostea dastatu ahal izango da herriko tabernetan.

Martitzenean, esan bezala, txupinazoa izango da 18:00etan eta ondoren kalejira. Horren aurretik, goizean Meza Nagusia eta luntxa egingo dira, eguerdiko 12:00etan. Arratsaldeko 17:00etan, Kale Antzerkia egingo da Sabino Arana plazan (euria egitekotan, frontoian). Aipatutako txupinazoaren ondoren, Kantarelux taldeak ekitaldia egingo du herri osoan zehar, Sabino Arana plazatik hasita.

Eguaztenean sevillanak eta eguenean areto dantza, dantza latino eta lineako dantzen erakustaldiak egongo dira frontoian: sevillanak arratsaldeko 20:00etan, eta egueneko dantzak, arratsaldeko 18:00etan. Barikuan, asteburuari hasiera emango zaio DJ Xaiborren eskutik egindako disko festa baten bidez, arratsaldeko 18:00etan, Agirre Lehendakariaren plazan. Ondoren, Fanfarre Ku Klux Klan egongo da leku berean, eta bukatzeko, gaueko 22:00etatik aurrera, Tributo Lowe, Streetwise eta Orekka-ren kontzertuak egongo dira Sabino Arana plazan.

Zapatuan, azaroaren 15ean, goizean puzgarriak egongo dira umeentzat, eta eguerdian, Palestinaren aldeko herri baz- karia. Arratsaldean, kuadrillen arteko jolasen ondoren, XXXVII. Kontzertua egongo da elizan, Aitor Furundarenaren eskutik. Arratsaldeko 20:00etan, Elektrotxaranga Gotx herrian zehar ibiliko da Sabino Arana plazatik hasi ondoren. Eta gauean, gaueko 23:00etatik aurrera, kontzertuak egongo dira, Aramu, SÜNE eta DJ Zatzas-en eskutik.

Izan ere, SÜNE da aurtengo jaietako kontzertu nagusia. Huntza taldean hainbat urtez aritu ondoren, 2022an bakarkako ibilbideari ekin zion, eta 2024ko azaroan kaleratu zuen bere azken diska, Amaineman, San Martin jaietako kon- tzertuan ikustaraziko duena.

Bukatzeko, domeka goizean Slalom Zamudio egingo da Torrelagoitin, eta arratsaldeko 18:00etan, dantzak Hiru Bat dantza taldearen eskutik, frontoian. Amigos del Swing ere egongo dira 18:30etan Adintsuen Etxean.

Honez gain, jaien bitartean, auzoen eta herrigunearen arteko joan-etorriak errazteko autobus zerbitzua eskainiko zaie herritarrei.

Palestinaren aldeko herri bazkaria, zapatuan
Jaien baitan, zapatuan, azaroaren 15ean, Palestinaren aldeko herri bazkaria egingo da. Hura frontoian izango da, arra- tsaldeko 15:00etan. Bertan, bi menu mota eskaintzen dira, umeena, 10€-an (makarroiak txorizoarekin, oilasko errea patatekin, jogurta, ogia eta ura barne); eta helduena, 15€-an (oilasko paella, haragi bolak jardinera erara, pantxineta, ogia, ardoa eta ura barne). Menu berezi bat behar izatekotan, alergia, intolerantziak edo bestelako arrazoiak direla eta, sanmartinjaiak@gmail.com helbide elektronikora idatzi hura jakinaraziz.