Parte hartze zabala egon da Zamudioko Krosean

Mikel Reina Barros 2026ko otsailaren 2a

Beste Bira taldeak eta Zamudioko Udalak elkarlanean antolatu zuten domekan, otsailak 1, Kiki Begoña memoriala. Antolatzaileak “pozik” agertu dira korrikalariek emandako erantzunarekin. Begoñaren familiak omenaldia jaso zuen.

Krosean 65 parte hartzaile inguruk parte hartu zuten, baina Beste Bira taldetik nabarmendu dute erreleboek jasotako erantzun “zabal eta bikaina”: adin eta sexu desberdineko 27 taldek eman zuten izena. Umeetan ere handia izan zen parte hartze maila.

Lasterketari dagokionez, gizonezkoetan, Juan Carrascalek lortu zuen garaipena 14:29ko denborarekin, bigarren izan zen Javier Allende (14:38) eta hirugarren Axel Fernandez (14:40). Emakumezkoetan, Naia Cob izan zen azkarrena 16:55eko markarekin, bigarren Virgina Berasategi (17:19) izan zen eta hirugarren Lierni Arconada (18:19).