Gazteen sozializazioan euskararen aldeko apustu sendoa egin dute

Mikel Reina Barros 2026ko apirilaren 10a

Zamudioko Udalak euskararen erabilera sustatzeko eta gazteen artean sozializazio hizkuntza gisa indartzeko ekimen berri bat jarri du martxan, udalerriko hizkuntza politikaren baitan “mugarri garrantzitsua” izan nahi duena.

Azken urteotan, euskararen ezagutzak gora egin badu ere, gazteen artean euskararen erabileran erronka nabarmenak antzeman dituzte. Egoera horren aurrean, udalak “euskarazko sozializazioa modu naturalean bultzatzeko estrategia berezia” jarri du martxan.

Horrela, azaro-abenduan formazio saioak eskaini zitzaizkien Gaztestazioko begiraleei, “gazteen artean euskararen erabilera estrategikoki lantzeko tresnak eskuratzeko”. “Helburua argia da: gazteek euskaraz harremanak izatea erraztea, espazio eroso eta erakargarriak sortuz”.

Orain, urtarriletik apirilera bitartean, praktikan jarritako jardueren balorazioa egiten ari dira eta emaitza horien arabera, aurrera begirako proposamen zehatzak landuko dituzte, “euskararen presentzia eta erabilera gazteen aisialdian sendotzen jarraitzeko”.

Zamudioko Udalak azpimarratu du ekimen hau euskararen normalizazioan eta biziberritzean egindako “apustu estrategikoa” dela, eta gazteriarekin lan egitea etorkizuneko hizkuntza-eredua bermatzeko “giltzarrietako bat” dela.