LAB, ESK, STEILAS, Hiru eta ENHE sindikatuek lan istripuen atzean dauden “baldintza kaskarrak” salatu dituzte

Mikel Reina Barros 2026ko maiatzaren 5a

LAB, ESK, STEILAS, Hiru eta ENHE sindikatuek mobilizazioa egin dute gaur, maiatzak 5, Zamudioko Ugaldeguren industrialdean joan den astean lan istripuan hildako langilea omentzeko eta garraiolarien “baldintza kaskarrak” salatzeko. 

Eurobots Industrial Machinery Export enpresan hil zen apirilaren 30ean 61 urteko langilea kamioia husten ari zela makina batek harrapatuta. Euskal garraiolarien Hiru sindikatuak salatu duenez, dagoeneko sei garraiolari hil dira aurten euskal errepideetan. Iaz 22 hil ziren.

Jon Altuna Hiru sindikatuko ordezkariak nabarmendu du lan istripuen atzean “baldintza kaskarrak” pairatzen dituzten langileak daudela. “Garraiolarien lana oso estua eta, besteak beste, lana galtzeko beldugarragatik ez dagozkien lanak egiten dituzte, adibidez, zamatze eta ustutze lanak”. Hain zuzen ere, azaldu duenez, horrelako istripuak horren ondorio dira.

Bestetik, azpimarratu nahi izan dute hildako langileak 61 urte zituela. Izan ere, salatu dute ez dagoela erreleborik sektorean. “Hiru sindikatuak urteak daramatza 60 urterekin garraiolarientzat erretiro aurreratua eskatzen, adin horretatik aurrera arreta galtzeko, bihotzekoren bat jasan eta, azken finean, istripu bat izateko arrisku handiagoa baitago”.

Era berean, enpresek ezbeharrak saihesteko arau eta neurriak bete ditzatela eskatu dituzte sindikatuek. “Enpresek sarri urratzen dute lan osasunari buruzko araudia, eta ondorioak begi bistakoak dira. Ulergaitza da zigorgabetasun oso hori, Osalanek, Ikuskaritzak eta Lan Agintaritzak beste aldera begiratzen dute normalean, eta ez da zigorrik izaten gertaera tamalgarriak gertatzen direnean. Laburbilduz, enpresek ez dute laneko osasun eta segurtasun araurik betetzen, eta administrazioak beste aldera begiratzen du”.