52 autok parte hartuko dute zapatuko Zamudioko I. Rallysprintean

Mikel Reina Barros 2026ko maiatzaren 28a

Azken 5 urteetan rallyaren ordez, slalom formatua antolatzen egon ostean, Zamudio Racingek rallysprint formatua antolatu du lehen aldiz, zapatuan, maiatzak 30. Lasterketak eragina izango du Lezaman.

“Energiaz berreskuratuta”. Horrela itzuli dira Zamudio Racing elkarteko kideak eta Real Peña Motorista Bizkaia elkartearen laguntzarekin antola dute. 2021ean antolatu zuten azken aldiz rallya Zamudion. Euskadi eta Bizkaiko Txapelketarako puntuagarria den lasterketa da gainera.

Egiaztapenak barikuan 18:30etik 20:30era eta zapatuan 09.00etatik 11:15era egingo dituzte, Lehendakari Agirre enparantzan. 13:30ean hasiko da lasterketa. Izena eman duten 52 parte hartzaileek 9,5 kilometroko ibilbideari egin beharko diote aurrera, Viveroko Galdakaoko aldetik hasita eta Lezamara arte helduz. Horrela, lau aldiz osatuko dute ibilbidea.  Asistentzia gunea Torrelarragoiti Parke ondoan jarriko dute. 19:00etarako aurreikusten dute lehen autoak Zamudiora heltzea. 19:30ean egingo dute sari banaketa Kolitza Plazan.

Antolatzaileek gomendatu dute ikusleentzat sarrerarik onena Santo Domingo igota Vivero edo Galdakaoko noranzkoa hartzea dela. Hain zuzen ere, Zamudioko I. Rallysprinta dela eta, Lezamatik Viverora doan errepide zatia, bidegurutzetik Sabino Arana plazaraino, itxita egongo da zapatuan, 12:00etatik ekitaldia amaitu arte, etxera sartu ahal izango diren bizilagunentzat izan ezik. Lezamako Udalak jakinarazi du hiru ibilgailu-txartel banatuko dituztela helbide/zenbaki bakoitzeko (postontzi bakoitzean sartuko direnak).